Beningo kaleko umeen aldeko postua jarriko dute larunbatean Kontzejupean

Andoni Elduaien 2022ko urr. 20a, 09:30

Iaz egindako ekimen solidarioko irudietako bat. (Julene Frantzesena)

Goizean zehar, Kontzejupean jarriko dute postua Floreaga ikastetxeko eta Gazteak eta Garapena fundazioko ordezkariek. Herritarrek, saltokiek eta eragileek bi modutara lagundu ahalko dute ekimenean: batetik, postuan aurkituko dituzten produktuak erosita, eta bestetik, postura produktuak emanda. Ekimenaren sustatzaileek laguntza emateko dei egin diete herritarrei.

Floreaga ikastetxeak eta Gazteak eta Garapena fundazioak elkartasun ekimena prestatu dute datorren larunbaterako, urriak 22. Goizean zehar pintxo solidarioak banatuko dituzte Kontzejupean, eta bigarren eskuko denda ere jarriko dute han. Horrez gain, Alai Batza taldeak umeentzako jolasak egingo ditu herriko plazan. Ohi bezala, egitasmotik lortutako dirua salestar komunitateak Beningo Cotonou eta Portonovo hirietan duten proiektura bideratuko dute.

Askotariko jakiak eta produktuak salduko dituzte Kontzejupean jarriko duten postuan, eta ekimenaren sustatzaileek herriko eta eskualdeko norbanakoei, elkarteei, saltokiei zein eragileei ekarpenak egiteko laguntza eskatu diete. Herritarrek hainbat modutara egin ahal izango dute ekarpena; Kontzejupera joan eta pintxoak erosita edo etxean prestatutako jakiak hara eramanda. Era berean, herriko elkarte gastronomikoei ardo kaxak eskatu dizkiete; harakinei, txorizoa: okinei, ogia; eta tabernariei, beraien sukaldeetako pintxoak.

Salestarrek Beninen duten proiektura bideratuko dituzte larunbatean lortutako irabaziak, hiri horretako kaleetan bizi diren umeei laguntzeko asmoz. Seniderik ez duten eta egunez azoketan egoten diren umeak artatzen dituzte proiektuko horretako kideek, haurren oinarrizko beharrak ase ditzaten eta horiek "leku seguruan" lo egin dezaten. Era berean, umeak kaletik atera eta lan mundura edo ikasketetara bideratzen dituzte proiektuaren bidez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide