Jon Andoni Martinek argazki erakusketa zabaldu du Portaleburun

Andoni Elduaien 2022ko urr. 8a, 10:00

Artista azkoitiarrak kolodioi hezea eta becquerel dagerrotipoa teknikak erabilita lortu dituen argazkiak erakutsiko ditu Portaleburun datozen bi asteburuetan. Ostegunean, berriz, lan egiteko jarraitzen duen prozesua bertatik bertara ikusteko aukera egongo da plazako erakustokian.

Jon Andoni Martin artista azkoitiarrak erakusketa zabaldu zuen atzo, ostirala, Portaleburu erakustokian. Bi asteburutan irekiko du Martinek erakusketa: gaur zein bihar eta datorren asteko ostiraletik igandera bitartean. Artista azkoitiarrak kolodioi hezea eta becquerel dagerrotipoa teknikak erabilita azken urteetan lortu eta egin dituen argazkiak erakutsiko ditu plazako erakustokian. 

Hain zuzen, kolodioi hezea teknika erabilita herritar asko eta askori bere estudioan egindako zenbait argazki ikus daitezke erakusketan. Era berean, becquerel dagerrotipoa teknikarekin lortutako herriko hainbat eraikin eta txoko ezagunen irudiak ari da aurkezten azkoitiarra.

Datorren ostiralean, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Portaleburu, eta gaur, bihar eta datorren zapatuan zein igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara irekiko dute. Ostegunean, gainera, argazkiak lortzeko Martinek jarraitzen dituen prozesuak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute herritarrek. 

Maxixatzenek Martin artistari egindako Erretratua erreportajean azaldu zuen "bizitzaz ikasteko modua" dela beretzat argazkilaritza. Dena den, artista azkoitiarrak Portaleburun jarri dituen argazkiak lortzeko erabili dituen bi teknikak –kolodioi hezea eta becquerel dagerrotipoa– zer diren ere azaldu zuen 2020ko abenduan egindako erreportajean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide