Asteartetik ostiralera bitartean eskainiko dute aurrerantzean jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzua

Andoni Elduaien 2022ko urr. 8a, 09:00

Pasira egitasmoko kideak, Ugarteigaran igerilekuko pasealekuan. (Gurutze Gorria)

Izaskun Urkiola eta Maialen Alkorta jarduera fisikoko teknikariek eskainiko dute aurten Mugi Azkoitia izena duen jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzua. Asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan Kultur Etxean egongo dira orientatzaileak, eta asteazkenetan, anbulatorioan.

Azkoitiko Udalaren jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzuak astean lau egunetan eskainiko du zerbitzua aurrerantzean. Asteartetik ostiralera bitartean, Kultur Etxean zein anbulatorioan egongo dira Izaskun Urkiola eta Maialen Alkorta, Mugiment egitasmora atxikitutako Mugi Azkoitia zerbitzuko jarduera fisikoko bi teknikariak.

Herritarren artean jarduera fisikoa areagotzea eta sedentarismoa murriztea da zerbitzuaren helburu nagusia. Aurtengo ikasturtean asteartetik ostiralera bitartean eskainiko dute orientazio zerbitzua. Astearteetan, Kultur Etxean egongo dira 09:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara; asteazkenetan, Azkoitiko anbulatorioan artatuko dituzte herritarrak 09:00etatik 13:00etara; eta ostegunetan zein ostiraletan, berriz, Kultur Etxean eskainiko dute zerbitzua orientatzaileek 09:00etatik 13:00etara bitartean.

Zerbitzua jaso nahi duten herritarrek aurrez hitzordua eskatu beharko dute, eta horretarako, 688 76 39 63 telefono zenbakira deitu edo koz@azkoitia.eus posta elektronikora idatzi beharko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide