Azkoitiko EAJk joan zen apirilean jakinarazi zuen Ana Azkoitia izango zela 2023ko udal hauteskundeetako alkategaia, eta jeltzaleek, orain, pauso bat gehiago eman dute. Izan ere, datorren astean hasi eta urtarrilaren amaiera bitartean, herriko auzoetatik eta kaleetatik barrena ibiliko da Azkoitia, "herritarrekin hitz egin eta haiei entzun, edo entzun eta hitz egiteko". Hain zuzen ere, aste honetan etxez etxe banatuko dute EAJren Aurrez aurre kanpainaren eskuorria; hamasei topagune zehaztu dituzte jeltzaleek, eta leku horietako bakoitzean zein egunetan eta ordutan egongo diren ageri da eskuorrian.
Azkoitiak bigarren legealdia du Udal Gobernuan alkateorde postuan, Javier Zubizarreta egungo alkatearekin batera. Beraz, EAJk datozen udal hauteskundeak irabazten baditu, bera izango da haren erreleboa hartuko duena, betiere "herritarrek hala nahi izanez gero". Ibilbide berri horri ekin nahi dio Azkoitiak, "hitz egiten eta entzuten zintzotasunetik, eta jomuga interes komunean ipinita".
Eskaerak "aurrez aurre"
Alkategaiak nabarmendu duenez, Udal Gobernuan egon denez "gertutik" ezagutzen ditu "jendearen arazoak eta beharrak", baina kaleetara zein auzoetara gerturatu nahi duela gehitu du, herritarrekin "aurrez aurre hitz egiteko, edo gutxienez, horretarako aukera emateko". Honela dio: "Nire ideiak eta proposamenak partekatu nahi ditut eurekin, eta eurenak jaso. Sinesten dut hartu-eman horretan, eta horregatik nahi dut pertsonengana hurbildu, hobeto eta gehiago ezagutzeko herria eta ordezkatzen ditugun eta ordezkatzen jarraitu nahi ditugun herritarrak".
Datozen hauteskundeetarako programa lantzen ari direla nabarmendu du Azkoitiak, baina azpimarratu du herritarrekin "kontrastatu eta balidatu" nahi dituztela beren ideiak zein proiektuak: "Noski, udalak ere lan esanguratsua egin du Herrilab+700en barruan. Egiten ari diren Herri Plana ere gure bide-orria markatuko duen tresna garrantzitsua izango da".
Bestalde, Azkoitiak gehitu du "politikarekiko bizi dugun gogogabetasun testuinguru honetan inportantea" dela herritarren konfiantza irabaztea: "Uste dut hitz eginez gauza asko konpontzen dela, eta horretarako prest nago. Uste dut herri hau gero eta hobeagoa izatea nahi badugu, guztiok jarri behar dugula gure aldetik, eta denei eman bide horretarako".
Lehen geltokia, Martirieta
EAJren alkategaiak Martirieta auzoan egingo du Aurrez aurre kanpainako lehen geldialdia, datorren urriaren 11n, asteartea, 19:00etan. Auzoko frontoian izango da juntadizoa. Bigarren hitzordua, berriz, urriaren 18rako jarri dute, Madariagan, eta hirugarrena Urrategin, hilaren 25ean. Azarorako beste zazpi hitzordu ezarri ditu EAJk; abenduan beste bi leku bisitatuko ditu, eta urtarrilean lau. Azkoitiak dio hamasei zatitan banatu dutela ibilbidea, "kanpoan zonalderik ez uzteko". Honako lotura honetan ikus daiteke eskuorria eta topagune bakoitzak zein leku barnebiltzen dituen.
Hona hemen egitaraua, osorik:
- Urriak 11, asteartea. Martirieta auzoko frontoian, 19:00etan.
- Urriak 18, asteartea. Madariaga auzoko frontoian, 19:00etan.
- Urriak 25, asteartea. Urrategi auzoko frontoian, 19:00etan.
- Azaroak 3, osteguna. Ipintzako haur parkean, 19:00etan.
- Azaroak 7, astelehena. Anaitasuna plazan, 19:00etan.
- Azaroak 9, asteazkena. Jausoroko plazoletan, 19:00etan.
- Azaroak 15, asteartea. Haur eskolaren ondoan, 19:00etan.
- Azaroak 22, asteartea. Askarri kafetegiaren aurrean, 19:00etan.
- Azaroak 24, osteguna. Bizenta Mogel kaleko 1. zenbakiaren aurrean, 19:00etan.
- Azaroak 28, astelehena. San Martin auzoko goiko parkean, 19:00etan.
- Abenduak 13, asteartea. Herriko plazan, 19:00etan.
- Abenduak 19, astelehena. Guardia kaleko 7. zenbakian, plazoletan, 19:00etan.
- Urtarrilak 10, asteartea. Batzoki aurrean, 19:00etan.
- Urtarrilak 18, asteazkena. Bolatoki ondoan, 19:00etan.
- Urtarrilak 23, astelehena. Txalonerrekako haur parkean, 19:00etan.
- Urtarrilak 31, asteartea. Oteiza frontoietan, 19:00etan.