Jende uholdeak egin du bat IV. Lasterketa Solidario Inklusiboarekin

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 1a, 20:53

Haur, gazte eta heldu, mila parte hartzaile inguru izan ditu Ttipi-Ttapa elkarteak antolatutako elkartasun lasterketak bere itzuleran. Parkinson gaitzaren ikerketa bultzatzeko bideratuko dute aurten bildutako dirua.

Zuriz jantzi dira gaur arratsaldean Azkoitiko plaza eta inguruko kaleak. 900 bat heldu eta dozenaka haurrek parte hartu dute Ttipi Ttapa elkarteak antolatutako IV. Lasterketa Solidario Inklusiboan, eta antolatzaileek aurtengorako prestatu dituzten elastikoen zuria ikus zitekeen nonahi.

Batzuk korrika eta beste batzuk oinez tipi-tapa, kirola, elkartasuna eta festa giroa eskutik hartuta izan dira. 17:00etan hasita egin dituzte umeentzako hiru lasterketak, eta 18:00etan hasi da helduena. Oinez abiatu dira parte hartzaile guztiak plazatik Kale Nagusian behera eta antxintxika egiteko aukera izan dute nahi zutenek gero, ikusle apurren animo eta txalo artean; ikusle apurrak, izan ere, adin guztietako jendetzak egin du bat lasterketarekin, ibilbideko lau kilometroak betez.

Umeen lasterketa bukatu eta helduena hasi bitartean, antolatzaileek Portaleburu aretoan jarri duten lasterketaren aurreko edizioetako argazkien erakusketari bistadizoa emateko tartea hartu dute herritar askok. Erakusketa gaur bukatu da, eta bertan bideo bat ikusteko aukera ere izan da, parkinson gaitzaren gaineko testigantzekin eta informazioarekin. Hain zuzen ere, Ttipi-Ttapakoek elkartasunezko kirol egitasmoarekin aurten jasotako dirua gaitz horren ikerketara bideratuko osorik.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide