Lur Usabiagaren ipuin kontaketarekin hasiko da Aizkibel liburutegiko saioen ikasturte berria

Andoni Elduaien 2022ko ira. 28a, 13:30

Lupe Lekuona, liburutegian egindako ipuin kontaketa batean. (Artxiboa)

Askotariko saioak antolatu ditu Aizkibel udal liburutegiak ikasturte berrirako, hala nola ipuin kontaketa arruntak, ipuin kontaketa musikatuak, eta zientzia nahiz idazketa tailerrak eta itzalen titere laborategiak.

Aizkibel udal liburutegiak prest du aurtengo ikasturterako haurrentzako eta gaztetxoentzako eskaintza. Urriaren 7an, hurrengo ostirala, ekingo dio saioen ikasturte berriari; izan ere, Lur Usabiaga ipuin kontalariak Kattalin txiki ipuina kontatuko du han, 17:30ean hasita.

HH5etik LH3ra bitarteko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa izango da, eta han parte hartzeko izen-emate epea bihar, irailak 29, zabalduko da; urriaren 6ra arte egongo da irekita. Izena liburutegiko harreran eman beharko da, edo bestela, 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta.

Askotariko ekintzak

Beste urte batez, era askotako aktibitateak egingo dituzte Aizkibel liburutegian. Ipuin kontaketa arruntak nahiz musikatuak, zientzia zein idazketa tailerrak eta itzalen bidezko haurrentzako txotxongilo laborategiak antolatu dituzte urritik 2023ko uda bitartean.

Lur Usabiaga, Lupe Lekuona eta Ines Bengoa ipuin kontalariek hiru saio eskainiko dituzte liburutegian. Aldiz, Amelinek, batetik, eta Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok, bestetik, ipuin kontaketa musikatuak aurkeztuko dituzte haurren aurrean. Mad Science etxearen eskutik, berriz, zientzia tailerrak ere egingo dituzte liburutegian, aurten bi saio: bat, Eraiki zeure zelula izenekoa, eta bestea, Hidrogeno berdea deiturikoa. Era berean, itzalen bidezko haurrentzako txotxongilo laborategien bi saio ere izango dira liburutegian, baita idazketa tailerren saioak ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide