Sarek urriaren 8an Donostian egingo duen jaialditik itzultzeko autobusa antolatu dute

Julene Frantzesena 2022ko ira. 26a, 12:07

Jaialdiaren aurkezpeneko irudia. (Sare)

Ilunben izango da jaialdia, eta Azkoitiko Sarek handik itzultzeko autobusa antolatu du. Bidaia autobusez egin nahi dutenek Latz tabernan eman beharko dute izena; hamar euro ordaindu beharko da.

Sarek antolatuta, jaialdi berezia izango da urriaren 8an Donostiako Ilunben. Izan ere, Etxera bidea gertu! lelopean, aldarrikapena eta festa uztartuko dituen egitaraua prestatu du euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde lan egiten duen taldeak.

Azkoitiko Sarek jaialditik itzultzeko autobusa antolatu du. Hain zuzen ere, 03:00etan abiatuko da autobusa Donostiatik Azkoitira. Bidaia autobusez egin nahi dutenek Azkoitiko Latz tabernan eman ahal izango dute izena, eta izena ematean hamar euro ordaindu beharko dituzte.

Zehazki, Izan Bidea egitasmoaren azken kilometroak nahiz manifestazioa egingo dituzte goizean Donostian, eta 15:00etan hasiko da Ilunbeko jaialdia. Besteak beste, bertsolariak, Eñaut Elorrieta, Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Ollokiegi, Trikidantz, Porrotx eta Ttek elektrotxaranga izango dira agertokian. Oraindik eros daitezke sarrerak honako lotura honetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide