Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak sasoiko lehen garaipena lortu du

Andoni Elduaien 2022ko ira. 26a, 09:04

Juaristi golegilea, erdian, taldekideekin gola ospatzen. (Anaitasuna)

Ane Juaristik egin zituen taldearen bi golak, biak lehen zatian eta geldikako jokaldietan. Gizonen lehen taldeak, berriz, ezin izan zuen punturik batu Leioako Sarriena zelaira egindako bidaian.

Igaro den asteburua gazi-gozoa izan da Anaitasuna futbol taldearentzat. Larunbatean, albiste ona eman zuen emakumeen lehen taldeak San Martin Hauskaitz taldearen aurka denboraldiko lehen garaipena lortuta. Atzo, ordea, gizonen lehen taldeak ezin izan zuen punturik batu Leioako (Bizkaia) Sarriena zelaian.

Mikel Barquerok zuzentzen duen emakumeen lehen taldeak 2 eta 0 irabazi zuen Gasteizko San Martin Hauskaitz taldearen aurka. Gorritxoek lehen zatian egin zituzten neurketako bi golak, eta biak Ane Juaristi erdilariak erdietsi zituen. 27. minutuan egin zuen lehena, Ainhoa Galarragak erdiratutako korner bat buruz sareetara errematatuta. Bigarren gola, berriz, atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian egin zuen Anaitasunak, eta lehen golean bezala, Galarraga eta Juaristi izan ziren protagonista nagusiak. Galarragak erdiratutako falta bat bigarren zutoinaren parean errematatu zuen Juaristik, eta neurketa ondo bideratuta utzi zuen. Lehen zatian goitik behera nagusitu zen Anaitasuna.

Bigarren zatian, arabarrek ezusteko bat edo beste eman zuten Txerloian, 56. minutuan langara bidali zuen baloian. Oro har, abagune gutxi ikusi zituzten Txerloian batutako jarraitzaileek bigarren erdian; neurketa amaitu aurretik Galarraga saiatu zen hirugarrena egiten, baina hark langa gainetik bidali zuen baloia. 2022-23 denboraldiko lehen hiru puntuak batu ditu Emakumeen Euskal Ligako Anaitasunak, eta orain, sailkapeneko 12. postuan kokatu da taldea. Datorren asteburuan, Eibarko (Gipuzkoa) Unbe zelaian jokatuko du Barqueroren taldeak, Eibar C taldearen aurka.

Gizonen porrota Leioan

Xabi Artetxek gidatzen duen Anaitasunaren gizonen lehen taldea esku hutsik itzuli zen herrira Leioatik. 9. minutuan hartu zuen aurrea etxeko taldeak, zorigaiztoko jokaldi batean. Zelai erdian baloia galdu ondoren, bizkaitarrak urrundik saiatu ziren Mikel Ruiz Anaitasunako atezaina ezustean harrapatzen, eta lortu egin zuten. Ruizek baloia atzamar puntekin ukitu zuen, baina aldaratzea area barruan utzi ondoren, Leioako aurrelariak gola egitea lortu zuen. Lehen zatia deseroso igaro zuen Anaitasunak, eta ez zuen lortu baloiarekin aurkariari min gehiegi egiterik. Hala eta guztiz ere, pare bat abagune sortu zituzten gorritxoek.

Ideia argiagorekin zelairatu zen taldea bigarren zatira, eta era berean, erasokorrago. Hasi eta berehala izan zuen Ander Arabaolaza aurrelariak lehen gol aukera, atzelarien bizkarrera mugimendua egina. Antzeko jokaldi batean, berriz, Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Arabaolaza lurrera bota zuten area barruan, baina 11 metrotako jaurtiketa ez zuen asmatu, ordea, aurrelariak. Erdi-erdira jaurti zuen baloia, baina Leioako atezainak oinarekin gelditu zuen.

Gehiago izan zen Anaitasuna, eta abagune onak sortu zituen. Mohamed Gourmatek izan zuen garbiena ordu erdiaren faltan, eta Julen Aramendik ere izan zuen berea Mikel anaiarekin bat-bikoa eginda. Gehiago merezi arren, punturik gabe itzuli ziren etxera gorritxoak. Hiru punturekin, sailkapeneko zortzigarrenak dira orain Artetxeren mutilak. Datorren larunbatean, Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldearen aurka jokatuko dute Txerloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide