Iraurgi saskibaloi klubeko talde nagusiak denboraldi-aurrean sartuta dira dagoeneko, eta sasoi horretan jokatu ohi den hitzordurik garrantzitsuenak izan dituzte asteburuan: Euskal Kopako neurketak. Txanponaren bi aldeak ikusi dituzte ISBko jokalariek; izan ere, Azkoitia-Azpeitia ISBk irabazi du emakumeen aurtengo bigarren mailako Euskal Kopa eta Juaristi ISBk ezin izan du finala irabazi.
Gizonen Euskal Kopako lehen partidak ostiralean izan ziren Beasaingo Antzizar kiroldegian, eta Juaristi ISBk 107 eta 57 hartu zuen mendean Baskonia. Garaipen hori tarteko, finalera sailkatu zen Azpeitiko eta Azkoitiko taldea, eta atzo jokatu zuen norgehiagoka hori. Guuk Gipuzkoa Basket izan zuen aurrez aurre ISBk, eta jokalariak gogotik saiatu baziren ere, ezin izan zuten garaipena eskuratu: 67 eta 73 bukatu zen finala.
Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko emakumeek, berriz, gaur jokatu dute bigarren mailako Euskal Kopa. Durangoko Landako kiroldegian neurtu dituzte indarrak HGB Ausarta Barakaldo taldearen kontra, eta 59 eta 75 nagusitu dira Iraurgiko jokalariak. Horrenbestez, Azkoitiko eta Azpeitiko taldearentzat izan da aurtengo garaikurra.
ISBko emakumeek asteburuan hasiko dute denboraldia. Urriaren 1ean ekingo diote horiek LF Challenge liga, eta Recoletos Zamora taldea hartuko dute Azkoitiko kiroldegian, 17:00etan. Gizonen lehia, berriz, astebete beranduago hasiko da. Zehazki, urriaren 7an hasiko da Urrezko LEB liga, eta Juaristi ISBk Leyma Coruña hartuko du Azpeitiko kiroldegian, 21:00etan.