Quebrantahuesos proba entzutetsua irabazi duzu. Espero al zenuen?
Banekien oso ondo entrenatuta nengoela, eta ahal zen posturik onenean metara iristea zen nire helburua. Aurrean ibiltzea espero nuen, baina banekien irabaztea oso zaila zela.
Zer esan nahi du proba hori irabazteak zuretzat?
Inguruko probarik entzutetsuena dela kontuan hartuta, ametsik onenetako egun bat izan zen atzokoa. Gainera, niretzat plazera izan zen lagun dudan Haimar Zubeldiarekin batera helmugaratzea.
Laguntza eman al zizun hark?
Bion arteko elkarlana ona izan zen. Elkarrekin oso ondo konpondu ginen biok bakarrik gelditu ginen unetik aurrera.
Nola sentitu zinen proban?
Hasieratik, oso sentipen onak izan nituen. Momentu oro ikusten nuen zenbakiak onak zirela eta hankak ondo nituela.
Lehen aldiz parte hartu al duzu proban?
Ez, ez. Aurten laugarren aldiz parte hartu dut.
Ekainean beroagatik utzi zuten bertan behera lasterketa. Atzo, berriz, eguraldi makurra izan zenuten. Alde horretatik, zer moduz?
Ekainean pena handia hartu nuen proba bertan behra gelditu zelako; izan ere, ni beroarekin eta eguraldi onarekin askoz ere hobeto moldatzen naiz. Hala ere, eguraldia ez da aitzakia izan. Atzo ez zuen euririk egin, eta arropa onekin ez genuen batere hotzik pasatu.
Zer nabarmenduko zenuke probatik?
Duen izena, mugiarazten duen jende kopurua eta probaren inguruan urte osoan zehar sortzen den giro ederra.
Hainbat lasterketa irabazi dituzu aurten. Nola sentitzen zara?
Oso gustura. Entrenamendu guztiak horretara bideratu ditut, eta egindako esfortzu eta lan denak bere fruituak eman ditu.
Aurrera begira jarrita, zer helburu dituzu eskuen artean?
Hurrengo astean daukat urteko azken helburua, eta Quebrantahuesosekin batera, urteko zitarik garrantzitsuena. Espainiako master 30 mailako txapelketetan parte hartuko dut; zapatuan errepideko lasterketa izango da eta igandean erlojupekoa.