Bi pilota partida jokatu zituzten atzokoan Kontzejupean, eta jende ugari elkartu zen hitzordurako. Aurreneko partidan Oteiza pilota elkarteko Aldazabal eta Aranbarri Etxanizen eta Oteizaren kontra aritu ziren. Bigarrengo partida izan zen gehien esperotakoa, eta nor baino nor aritu ziren Xabier Andreu eta Aitor Goenaga azkoitiarrak Bengoetxearen eta Jon Erasunen aurka. Azkoitiarrak izan ziren nagusi, partida 30-23 irabazita.
Norgehiagoka amaitu bezain pronto, Oteiza elkarteko pilotari gazteenek korridorea osatu zuten Kontzejupean, eguneko protagonista erditik igaro eta kantxaren erdira irten zedin. Han, Luziano Juaristi Atano X.ak jantzi zion Bengoetxeari antolatzaileek emandako txapela. Besarkada estuarekin agurtu zuen nafarrak azkoitiar pilotari ohia, eta haren buruan jarri zuen jaso berri zuen txapela.
Carlos Arrizabalaga Xapaterok Azkoitiko pilotaren historia jasotzen duen liburuaren ale bat eman zion leitzarrari eta Aitor Sorazu dantzariak Ohorezko aurreskua dantzatu zion Pello Larrañaga txistulariak lagunduta.
Jokin Landak eta Unai Izagirrek bertso bana eskaini zioten Bengoetxeari, eta bertsolarien kantua lagundu ondoren, haiek utzitako mikrofonoa hartu eta esker hitzak eskaini zizkien Bengoetxeak Kontzejupean elkartutakeoi.