Bihar, larunbata, Sanandresetako Plater Tiroketa Txapelketa jokatuko dute Izarre Jandalon. Orion elkarteak antolatuta jokatuko dute goizean zehar txapelketa, eta elkarteko bazkideek izango dute soilik han parte hartzeko aukera. Biharkoa, gainera, 2022. urteko azken tiraldia izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Orion elkarteak aurten berreskuratu du normaltasuna, eta zazpi txapelketa antolatu dituzte Izarre Jandaloko eremuan. "Itzulera gogorra egin zaigu, baina gaur egun dagoen taldearekin txapelketa guztiak oso ondo atera zaizkigu; zorion asko jaso ditugu horregatik guztiagatik", azaldu dute Orioneko kideek.
Elkarteko zuzendaritzako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete txapelketak antolatzen eta horietan laguntzen aritu diren guztiei. "Talde oso ona osatu dugu, eta harro gaude". Aurtengo azken txapelketa izango denez, bazkari bat eginda borobilduko dute eguna Orioneko kideek.