Tta-kun areto futbol taldea Gipuzkoako Kopa final zortzirenetara sailkatu da. Taldeak ostiralean jokatu zuen final hamaseirenetako kanporaketa Andoaingo (Gipuzkoa) Euskalduna taldearen aurka; azkoitiarrek 5 eta 3 irabazi zuten Elkarguneko kantxan.
Atsedenaldirako guztiz bideratuta utzi zuen taldeak kanporaketa, lehen ordu erdiaren ondoren markagailuan 5 eta 2 baitzen taldea aurretik. Gipuzkoako Bigarren Mailako taldea da Tta-kun, eta Lehen Mailakoa Euskalduna taldea. Atsedenaldiaren ostean gol bat egin zuten andoaindarrek lehia estutzeko, baina azkoitiarrek ongi eutsi zioten errentari.
Hori horrela, Tta-kun taldeak lortu zuen Gipuzkoako Kopa txapelketan aurrera egitea. Final zortzirenetara sailkatuta, Lazkao Gaur Logistika taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Elkargunean datorren ostiralean, irailak 23, 22:30etik aurrera.