Azkoitiko Udala datorren urteko udal ordenantza fiskalak lantzen hasi da, eta EH Bilduk adierazi du koalizioak "harriduraz" hartu duela Udal Gobernuak tasak eta zergak izozteko egin duen proposamena. "Azken urteetan ere hala egin da, eta beste behin hori egitea arriskutsua iruditzen zaigu". Azkoitiko EH Bilduk azpimarratu du "krisi berri baten murgilduta" dagoela Azkoitia, "Euskal Herria eta Europa bezala". "Udal gastu arrunta goraka doa eta kontratazio eta obra ezberdinetan ere goraka doaz prezioak. Hori guztia horrela, udala gaitasun ekonomikoa galtzen ari da izozte baten bitartez". Azkoitiko EH Bilduk garrantzitsutzat jo du krisi garaietan "populismoa" alde batera utzi eta "arduraz" jokatzea. Haren ustez, progresibitatean sakondu behar da, "gehien dutenek" gehiago ordainduz, "gutxien duenak" gutxiago ordain dezan.
Errenta txikiena duten pertsonen "bizi kalitatea bermatzeko" EH Bildu neurri zehatzak proposatzen ari dela azaldu du koalizioak, eta Azkoitiari dagokionez, bost proposamen helarazi ditu taldeak. Aurrenekoa da tasak eta zergak %1,5 igotzea. "Garai zailetan gaude, horregatik igoera txiki bat ezartzea ikusten dugu arduratsuena, kalitatezko zerbitzuak eta laguntzak eskaini ahal izateko herritarrei". Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, berriz, etxebizitza hutsei %150eko gainkarga ezartzearen alde egin du, egungo "etxebizitza arazoei" aurre egiteko asmoz eta "gehien dutenek esfortzu handiagoa" egin dezaten. Era berean, zerga berean %50eko hobaria ezartzea proposatu du eguzkitik edo beste energia iturri berriztagarrietatik datorren energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten etxebizitzetarako. Hobari hori, gainera, diru sarreren arabera mailakatzea proposatu du koalizioak.
Bestalde, auto "kutsagarrienak" ez mesedetzeko eskatu du. Izan ere, egun, auto zaharrenek, koalizioaren arabera "kutsagarrienek", hobaria dute ibilgailuen zergan, eta hobari hori kentzea eskatu du udal taldeak. "Klima krisian egonda ulergaitza da gehien kutsatzen duenari hobariak ematea eta horiek bultzatzea", esan du. Horrez gain, Azkoitiko EH Bilduk ondo deritzo lan eskaintza publikorako aurkeztu behar duenak tasak ordaintzea, baina errenta baxuko pertsonak zein indarkeria matxista jasan duten emakumeak salbuestea proposatu du.