Huntza musika taldeak kontzertua eskainiko du azaroaren 19an, herriko plaza nagusian. Hala jakinarazi zuen atzo, asteazkena, Azkoitiko Udalak. San Andres jaien bueltan antolatu du kontzertua erakundeak, eta ordua zehaztu ez badu ere, egun horretako gauean joko dute herrian.
Huntza taldea musikari gipuzkoarrek otsatzen dute, baina Bilbon sortu zuten musika taldea 2014. urtean, musikarien unibertsitate garaian. Jendaurreko lehen agerpen publikoa, halere, 2016. urtean egin zuen taldeak, eta harrezkero, herririk herri eta plazarik plaza dabil. Taldeak iaz kaleratu zuen bere azken diskoa: Ezin ezer espero hirugarren lan luzea.
Musika taldeak bigarren aldiz eskainiko du kontzertua Azkoitian; izan ere, azkenekoz 2019ko apirilaren 13an izan ziren herriko plazan. Kontzertuaren berri emateaz gain, udalak atzo jakinarazi zuen aurten sanandresetako helduen danborrada azaroaren 26an egingo dela, San Andres egunaren aurreko larunbatean, hain zuzen.