Aurreko ikasturtean euskara ikasi dutenei ostiralean amaituko zaie dirulaguntza eskatzeko epea

Andoni Elduaien 2022ko ira. 28a, 09:00

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Euskara ikasteko eta UEUren zein EHUren udako ikastaroetarako laguntzak eska daitezke udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Azkoitiko Udalaren webgunean. Bestalde, urriaren 31n amaituko da saltokiei eta enpresei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea.

Azkoitiko Udalak euskarara bideratutako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik du. 2021-2022 ikasturtean euskara ikasi ala maila hobetu duten Azkotian erroldatutako herritarrek badute udalari beka eskatzea. Ostiralean, hilak 30, izango dute horiek dirulaguntza eskatzeko azken eguna. Eskaera Azkoitiko Udalaren dirulaguntzen eta tramiteen atalean egin beharko dute eskatzaileek. Eskaera telematikoki zein aurrez aurre egin ahal izango da Herritarren Arreta Bulegoan.

Era berean, saltokientzat eta enpresentzat laguntzak ere emango ditu udalak. Horiek urriaren 31 arte eska dezakete dirulaguntza kanpoko errotulua, webgunea, programa informatikoa, irudi korporatiboa eta publizitatea euskaraz egiteko. Informazioa eta eskaerak eskuragarri daude udalaren dirulaguntzen eta tramiteen ataletan. Bestalde, udalak nabarmendu du  enpresetan euskara planak egiteko dirulaguntza deialdia aurrerago aterako duela.

Honako lotura honetan ikus daiteke euskarara bideratutako dirulaguntzen oinarriak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide