Anaitasunaren eta Lagun Onaken gizonen lehen taldeek elkarren aurkako lagunartekoa jokatuko dute etzi, asteazkena, Txerloia futbol zelaian. 2022-23 denboraldirako prestatzen ari dira beste urte batez Espainiako Hirugarren Mailan arituko diren bi taldeak, eta etzi, 19:00etan jokatuko dute partida. Partida ikusteko sarrera doakoa izango da jarraitzaileentzat.
Hurrengo asteburuan, irailak 10-11, ekingo dio Anaitasunak sasoi berriari. Aurreneko partida Pasaiaren aurka jokatuko du Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak; etxetik kanpo arituko dira, hain zuzen, Pasaiako Jesus Mari Zamora zelaian.
Lagun Onaken aurkako derbiak, berriz, honako asteburu hauetan jokatuko dituzte gorritxoek: Azpeitian, abenduak 3-4 asteburuan jokatuko dute, eta Txerloian, 2023ko apirilak 1-2 asteburuan.