Mikel Aranbarri Oteiza pilota elkarteko pilotariak 50. Dinastia Etxabe Pilota Txapelketako finala jokatuko du bihar, 21:00etan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Bernaola bikotekide duela, Apezetxea-Peñalverren kontra jokatuko dute partida.
Astelehenean jokatu zuten Aranbarrik eta Bernaolak Dinastia Etxabe txapelketako finalaurrekoetako bigarren jardunaldia Sasiainen eta Gabirondoren kontra, eta 22-11 nagusitu ziren. Ondo jokatu zuen azkoitiarrak, partidaren amaiera aldera pare bat tanto galdu bazituen ere gehiegi zeharkatu eta kontrakantxara bidaliz pilota. Bera izan zen laukoteko onena.
Biharko finala zuzenean ikusteko aukera izango da Baleike.eus webgunean.
Beste pilota txapelketa batean ere aritu da Aranbarri aste honetan. Atzo, Lazkozekin bikotea osatuta, Antiguako Pilota Txapelketa jokatu zuen promesa mailan Irribarria-Peñalver bikotearen kontra. Kasu horretan, ordea, tanto baten aldearekin, 22 eta 21 eginda, galdu egin zuen norgehiagoka.