Andremariak bukatuta, horien balorazio "oso positiboa" egin du Javier Zubizarreta alkateak. Bi urte eta gero herritarren "inoiz baino gogotsuago" hartu dituzte jaiak haren arabera, eta "errespetuaren, inklusioaren eta berdintasunaren printzipioak" bete izanak festak "giro onean" bizi izan direla esan nahi duela adierazi du hark. Alkatearen arabera, azkoitiarren merezi bezalako festak izan dira aurtengoak: "Pozik nago jendeak erakutsi duen
jokabidearekin. Beti daude salbuespenak, baina ez da gertakari aipagarririk egon". Haren hitzetan ez dute "salagarria" den ezeren berririk jaso, baina zerbait gertatu izan balditz modu koordinatuan eta eraginkorrean erantzuteko prest zeudela adierazi du.
Zubizarretak alkate karguan igaro dituen azken andremari jaiak izan direla ere gogorarazi du, eta "pozik" agertu da, jaietan "momentu ederrak" bizi izan ahal dituztelako. "Txupinazo garaian plaza gainezka zegoen eta giro ezin hobea. Gero, Bulegoren, Eganen eta En Tol Sarmientoren kontzertuetan ere jendeak izugarri gozatu zuen, eta orokorrean, ekitaldi guztiak joan dira oso ondo, besteak beste, film laburren emanaldia edota Salbea". Eguraldia ere "ondo" portatu dela azaldu du hark, nahiz eta jaietako azken egunean aterkia behar izan zuten. "Euriak bazkari herrikoia Azoka Plazan eta arkupeetan egitera behartu gintuen, baina inor ez zen busti bazkaltzerakoan".
Alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei festetan izan dute parte hartzea tarteko, eta elkarteak eta boluntarioak ekarri ditu gogora, jaien antolaketan egiten duten lanagatik. "Herriko festak denontzat dira eta guztiok onena eman behar dugu. Kultura eta kirol elkarteek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, Gurutze Gorriak, brigadako eta garbiketa zerbitzuko langileek, bazkari herrikoia prestatzen laguntzen duten boluntarioek, Txalkor txistulari taldeko eta Musika Bandako musikariek... asko dira laguntzen dutenak".