Azken txanpan sartu dira andremariak

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 17a, 21:08

Baserritarren eguneko azken orduetan askotariko ekintzak izan dira herrian. 90 urte bete dituzten herritarrek bazkaria egin dute Kirurin, eta udal ordezkariek oroigarri banaketa egin diete. Arratsaldean haurrentzako askotariko jolasak, Iagomagoren ikuskizuna, Marea Urdinaren hitzaldia, dantza txapelketa eta pintura lehiaketaren sari banaketa izan dira. Maren Galvezek eta Gorka Granadok irabazi dute Bikote Helduen Dantza Txapelketa. Margo lehiaketan, aldiz, Fernando Ureta izan da nagusi. 

Dagoeneko azken txanpan sartu dira Azkoitiko Adremari festak. Dena den, gaur eguerdian zein arratsaldean ere adin eta gustu guztietako herritarrentzat askotariko ekintzak izan dira. 

Adinekoek ez diote festari uko egin, eta eguerdian, Baserritarren Eguneko urteroko ohiturei jarraituz, 90 urte bete dituzten herritarrek nahiz haien familiek bazkaria egin dute Kiruri jatetxean, Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak eta Udalak antolatuta. Bertan izan dira hainbat udal ordezkari, eta haiek aitortza egin ez ezik, oroigarri bana eman diete 90 urte bete dituzten azkoitiarrei. 

17:00etan hasita, skate eta 1 Formula simuladoreak izan dira plazan, baita Txiki Chef gunea ere. Askotariko jaki eta gozoak egin dituzte bertaratu diren gaztetxoek. Aurpegi margoketarako txokoa ere jarri dute han, eta asko izan dira aurpegia era guztietako marrazkiz apaintzera animatu direnak. 17:30ean magiaz gozatzeko aukera izan dute txosnagunera bertartu direnek. Iagomagok ikuskizuna eskaini du bertan, eta gogotik gozatu dute han elkartu diren adin guztietako lagunek. Emanaldia amaitzean sentsibilizazio jolasak egin dituzte Marea Urdinaren eskutik, eta ondoren elkarteko kideen hitzaldia izan da txosnagunean bertan. 

Bitarte horretan, 18:00etan hasita, Bikote Helduen Dantza Txapelketa jokatu dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Eguraldia tarteko lekualdatu dute txapelketaren lekua; izan ere, Balda plazan egitekoak ziren saioa. Dena den, jendez goraino bete da Elkarguneko aretoa txapelketarako, eta gustura jarraitu dute sariketa han elkartu direnek.  Guztira, bederatzi bikotek parte hartu dute sariketan, eta aurreneko saria Lezo eta Sopelako Maren Galvezek eta Gorka Granadok eskuratu dute, eta haiek jantzi dute txapela. Bigarren sailkatu dira Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala azpeitiarrek eskuratu dute hirugarren postua. 

Dantza txapelketa bukatu bezain pronto hasi da XXXIX. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa. Aurten, 24 lagunek parte hartu dute sariketan, eta horiek Azkoitiko hainbat eta hainbat txoko marraztu dituzte pintura lehiaketa azkarrak iraun dituen orduetan. Hain zuzen, 10:00etatik 15:00etara bitartean egin dituzte sariketara aurkeztutako koadroak. Epaimahaiak hala erabakita, Artziniegako Fernando Ureta izan da aurtengo margo lehiaketako sariduna. Bigarren saria, Jokin Telleria beasaindarrak etxeratu du, eta hirugarrena, Felix Flamarique iruindarrak. Lanak ikusgai daude Portaleburun, irailera bitartean.

Arratsaldeko ekintzak amaituta, datozen orduetan ere izango da zertaz gozatu. Besteak beste, bertso afaria eta erromeria, txosnagunean eta Balda plazan, hurrenez hurren. 

Bihar borobilduko dituzte festak azkoitiarrek, Kuadrillen Egunarekin. Hona hemen biharko egitaraua: 

11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XIX. Andramaixetako Milia eta XVIII. Kale atletismo erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.

12:30. Kuadrilla jolasak, txosnagunean.

14:30. Bazkari herrikoia, herriko plazan.

16:30. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.

17:30. Apar festa eta ur jolasak, Balda plazan.

18:30. Zezenak, Plazaberrin.

18:30. Pintxo potea eta otarrearen zozketa, txosnagunean.

22:00. Mariachi Imperial taldearekin dantzaldia, herriko plazan.

00:00. Suzko zezena, herriko plazan.

00:15. Perkulights batukada taldea, herrikokaleetan.

01:00. Errege Sound Systemen emanaldia, txosnagunean.

23:00-02:00. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian, Eusko Jaurlaritzak babestuta.

23:00-02:00. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide