Jaietan musikarik gabeko ordu tartea izango da barraketan

Julene Frantzesena 2022ko abu. 9a, 12:45

Barraketako irudi bat.

Hilaren 14tik 18ra bitartean, aniztasun funtzionala duten pertsonek ere barrakez gozatzeko aukera izateko kenduko dute musika 18:00etatik 19:00etara. Ostegunean irekiko dituzte barrakak Trenbidearen Zumardian. Barraken eguna abuztuaren 21ean izango da.

Barrakak hasi dira Azkoitira iristen, eta udalak azaldu duenez, ostegunean zabalduko dituzte horiek. Trenbidearen Zumardian izango dira aurten ere barrakak, eta zabalik diren ordu tarte jakin batean ez da musikarik izango gune horretan. Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonek barrakez gozatzeko aukera izatea bermatu nahi dute neurri horrekin.

Horrenbestez, hilaren 14tik 18ra bitartean, 18:00etatik 19:00etara ez da musikarik izango barraken gunean. Inklusiora bidean egindako urratsa dela azaldu du udalak, eta Marea Urdinarekin bat eginik, "beharrezkoak diren neurriak" hartzeko prestutasuna duela adierazi du, "herriko festak denenak eta denentzat" direlako.

Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonek barraketan ibiltzeko lehentasuna izango dute, eta hori horrela izan dadin, udalak txartelak eman dizkie horiei ilaran zain egon behar ez dezaten. Txartela eskuratu nahi duenak horretarako aukera du oraindik ere; Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Kultura Sailean eska daitezke horiek.

Bestalde, aurtengo umeen barraka eguna abuztuaren 21ean izango da, hau da, festak bukatu eta hiru egunera. Herritarrek 1,5 euroren trukean ibili ahal izango dute egun horretan barraketan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide