Uztailaren 30az geroztik, Euskal Herriko hainbat herri zeharkatzen ari da euskal selekzioaren aldeko 20. mendi martxa, eta gaur, osteguna, iritsiko da martxa Azkoitira. Ekimena hainbat etapatan banatu dute, eta gaur Bergara eta Azkoitia lotuko dituzte. Parte hartzaileek herrian igaroko dute gaua, zazpigarren egunean Azkoitia eta Zestoa arteko bidea egingo baitute.
Mendi martxan parte hartzen ari diren lagunen iritsieraren ordu zehatza ez dute jakinarazi sustatzaileek, baina Kontzejupean afalduko dute eta Xabier Munibe Ikastolan igaroko dute gaua. Hori baino lehen, ordea, Azkoitiko Udalak harrera egingo die parte hartzaileei; ongietorria 19:30 inguruan egitea aurreikusi du udalak.
Abuztuaren 6an, larunbatez, bukatuko da martxa Getarian (Gipuzkoa), Ajangizetik (Bizkaia) abiatu eta zortzi egunera. Euskal Selekzioaren aldeko lehen mendi martxa 2000. urtean egin zuten Esait-en babespean, baina zazpi urte dira Esait desagertu zela, eta Gu Ere Bai egitasmoa arduratu da azken edizioez antolaketaz. Martxaren helburua da kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubidea defendatzea.