Matadeixek 26. urtemuga ospatu du aurten, eta ekainaren erdialdetik hasita hainbat ekintza izan dira herritarren gozamenerako. Joan zen uztailaren 2an izan zen egitarauaren aldetik egunik oparoena, eta zapatu honetan, uztailak 30, Borrokan eta Velutine taldeen kontzertuekin itxiko dute aurtengo urteurreneko egitaraua. 22:30ean hasiko dira kontzertuak, eta zazpi euro ordaindu beharko da sarrera.
Berako (Nafarroa) Borrokan taldeak ia hogei urte daramatza elkarrekin jotzen, baina bi hamarkada hauetan hiru disko baino ez dituzte argitaratu. Azken lana 2014. urtean kaleratu zuten, Zuak izenekoa. Velutine taldekoak ere beratarrak dira, eta 2020. urtean sortu zuten taldea. 2021eko martxoan atera zuen laukoteak bere lehen EPa.