Azkoitiko Udalak uztaileko ohiko osoko bilkura egingo du bihar, asteazkena, udaletxean, 19:00etan hasita. Bertan, hainbat puntu izango dituzte hizpide udal taldeetako ordezkariek. Horien artean, osasun sistema publikoa indartzeko mozioak aurkeztuko dituzte udal taldeek; EAJk eta PSE-EEk mozio bateratua aurkeztuko dute, eta EH Bilduk berea.
Bestalde, landa auzoetako baserri bideetan elurra kentzeko zerbitzua emateko auzolana arautzen duen ordenantza onestea ere bozkatuko dute. Era berean, 2022. ekitaldiko kanpostu zerrendaren lehen aldaketa izango dute hizpide. Horrez gain, 2021 eta 2022 urteetako ondasunen zein eskubideen, finantza kontroleko urteko txostenaren eta plan finantzarioaren emaitzen berri ere emango du udalak.
Hona hemen biharko udalbatzarrean aztertuko dituzten puntuak:
- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
- HE 29 Gurutzeaga eremuaren Barne Erreformako Plan Bereziaren 1. aldaketaren behin betiko onespena.
- Azkoitiko landa auzoetako baserri bideetan elur kentze zerbitzua emateko auzolana arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena.
- 2022 ekitaldiko lanpostu zerrendaren lehenengo aldaketaren hasierako onespena.
- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 2 zenbakidun espedientearen onespena.
- 2020-2022 Azkoitiko Udaleko dirulaguntzen plan estrategikoaren aldaketaren onespena.
- 2021 ekitaldiko Azkoitiko Udalaren, Zubiaurre-Elkargune Institutuaren, San Jose egoitzaren eta Azkoitia Lantzenen Kontu Orokorren eta Kontu Kontsolidatuaren onespena.
- 2021 ekitaldiko udal ondasun eta eskubideen inbentarioaren onespena.
- 2021 ekitaldiko Finantza Kontroleko urteko txostenaren berri ematea.
- 2021 ekitaldiko Plan Finantzarioaren emaitzen urteko txostenaren berri ematea.
- 2022 ekitaldiari dagokion Kontrol Finantzarioko urteko planaren berri ematea.
- Osasun sistema publikoa indartzeko mozioen onespena: EH Bildu udal taldeak aurkeztutakoa, eta EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutakoa.
- EAJ-PNV eta EH Bildu udal taldeek aurkeztutako mozioaren onespena, Melillako hesiaren inguruan gertatutako sarraskia salatzeko.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.