Lanbidek emandako dirulaguntzarekin, Azkoitiko Udalak balio anitzeko bi peoi kontratatuko ditu lanaldi osorako. Bi lanpostu horiek sei hilabeterako izango direla aurreratu du erakundeak. Kontratatuko dituzten langileek, besteak beste mendietako sasiak garbitu, pistak egokitu, ateak nahiz hesiak konpondu, bidegurutzeetako seinaleak jarri edota iturriak konpondu beharko dituzte.
Lanpostura aurkeztu nahi dutenek hilaren 27ra arteko epea dute, eta hautagaitza aurkezteko online bete beharko dute eskaera orria. Lanpostua eskuratu nahi duten hautagaiek hainbat baldintza bete beharko dituzte, hala nola eskolaritate ziurtagiria izatea, lorezaintzan esperientzia izatea, ahozko euskara maila altua izatea, langabezian egotea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa izena emanda egotea. Udalak jakinarazi du, bestalde, kontratatuko dituzten bi langileetatik bat emakumea izango dela eta batek gutxienez 45 urtetik gora izan beharko dituela.