Babestutako edukia

Flist, Balentziagaren sekretua

Aitziber Arzallus 2022ko uzt. 18a, 11:00

Cristobal Balentziaga hil zela 50 urte dira aurten, eta Fernando Alberdi izozkigileak omenaldia egin nahi izan dio Getariaren izena eta izana lau haizetara zabaldu zituen jostun ospetsuari. Haren postre gogokoenetatik abiatuta, izozki zapore berria sortu du: Flist. "Azkoitian flist erabiltzen dute zerbait apaina eta dotorea dela esateko, eta amaren eta Azkoitiko herriaren omenez jarri diot izen hori".

Fernando Alberdi (Azpeitia, 1976) izozkigileak aspalditik zerabilen buruan Cristobal Balentziagari omenaldi txiki bat egiteko ideia, eta azkenean, gauzatu du, berak ondoen dakien moduan. Izozki zapore berri bat sortu du, Flist, Getariako jostun ospetsuaren postre gogokoenak inspirazio iturri hartuta: arroz esnea eta masusta azukreztatuak. "Arroz esnezko oinarri krematsuari masustak eta masusta marmelada botako dizkiogu, baita errubi txokolatea ere. Txokolate horrek arrosa kolorea du, Balentziagaren kolore fetitxea; eta zitriko eta fruta ukituak ematen dizkio izozkiari".

Flist sortzea "lan nekeza" izan dela aitortu du Alberdik, ez izozkia egiteak eman dion lanagatik, baizik eta Balentziagari buruzko informazio pertsonal oso gutxi dagoelako argitaratuta. "Bizitza guztian elkarrizketa bakarra eman zuen, eta modaz bakarrik hitz egin zuen han". Baina hiru urteko ikerketa lanak fruituak eman ditu, eta hori da Flist, Balentziagaren sekretua.

Izozkiari izena jartzerakoan, berriz, Alberdik bere ama, Azkoitiko familia eta, oro har, Azkoitiko herria izan ditu gogoan. "Azkoitian flist hitza erabiltzen dute zerbait apaina eta dotorea dela esateko. Gure amari ere asko gustatzen zitzaizkion moda eta joskintza, eta izozki honi Flist deitzea amari, Maritxu Mikeleteneko familia guztiari eta Azkoitiari omenaldia egiteko modu polita iruditu zait". Probatu nahi duenak Getariako Kale Nagusiko Dona Doni izozki dendan du aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide