Urteroko erromesaldi partikularra

Aitziber Arzallus 2022ko uzt. 11a, 11:00

Justo Dominguez.

Justo Dominguezek aspalditik zuen Donejakue bidea egiteko gogoa, eta erretiroa hartzean ikusi zuen horretako aukera. Harrezkero, zazpitan egin du, baina ez beti bide bera. "Sekulako esperientzia" dela dio, "behin behintzat bizi beharrekoa". Bideko gorabeherez jardun du, eta gomendioak eman ditu.

Donejakue bideaz hizketan hasita, ordubeteko hitzordua motz gelditu zaio Justo Dominguezi (Belvis de la Jara, Espainia, 1954). Bideko gorabeherak eta bizipenak bata bestearen atzetik datorzkio gogora, eta ez da gutxiagorako: azken zazpi urteotan zazpi aldiz iritsi da Santiago de Compostelara (Galizia) oinez; azkenengoz, joan zen hilean. "Aspalditik nuen gogoa, eta erretiroa hartzean egiteko aukera ikusi nuen", hasi da. 2016ko azaroan izan zen hori. Frantses bidea egin zuen ordukoan, baina Orreagatik (Nafarroa) hasita. Guztira, 31 egun eta 960 bat kilometro. Horri Santiagotik Fisterrara arteko zatia erantsi zion gero; beste hiru egun.

Bakarrik ekin zion bideari, baina bakardadeak ez zion luze iraun. "Jende gehiena sozializatzeko gogoz joaten da bidea egitera, eta pertsona irekia bazara, berehala egiten dituzu lagunak. Orreagatik Zubirira arteko etapan hasi nintzen batarekin eta bestearekin hizketan, eta Zubirira iristerako talde bat ginen ia. Gogoan dut denok batera afaldu genuela eta denetariko jendea geundela: bi brasildar, Herbehereetako aita-alaba batzuk, suitzar bat, katalanak...". Aitortu du ingelesez ez jakitearen pena duela, askoz gehiago gozatuko zukeelako eta lagun gehiago egingo zituztekeelako. "Hala ere, jende asko ezagutu dut bidean, eta lagun oso onak egin ditut. Batez ere bi katalan aipatuko nituzke; haiekin, gerora, Europan barrena bidaiatu dut, eta Donejakue bidea beste bitan ere egin dugu".

Bideko egunerokoa beti antzekoa izaten dela esan du. "20-35 kilometroko etapak izaten dira, sei edo zazpi ordutan egiteko modukoak, eta goizean goiz ekiten diogu bideari, 07:00ak aldera". Dominguezen esanetan, "Donejakue bidea egiteko ez dago atleta izan beharrik, baina sasoiko egoteak laguntzen du". Ziurtatu du gogorrenak aurreneko egunak izaten direla, "gorputza egokitu artekoak", eta bitarte horretan garrantzitsua izaten dela "buruz indartsu" egotea. Hori bai, kontuan izan beharreko ezinbesteko batzuk aipatu ditu: oinetako eta galtzerdi egokiak eramatea, oinak egunero hidratatzea eta bidea norbere erritmora egitea. Izan ere, "hanketan baba batzuk izatea ohikoa den arren, gorputza gehiegi behartzeak giharretako gainkargak eragin ditzake, eta gainkarga batek etxera bidal zaitzake".

"Jende gehiena sozializatzeko gogoz joaten da, eta pertsona irekia bazara, berehala egiten dituzu lagunak. Nik lagun oso onak egin ditu bidean"

Bidea egiteko urte sasoirik egokienak zeintzuk diren galdetuta, "udaberria eta udazkena" erantzun du: "Bero handiegia zein eguraldi oso txarra saihestearren diot hori, bestela ere nahiko gogorra egin baitaiteke bidea". Bide batzuk besteak baino gehiago, gainera. Dominguezentzat Sevillatik (Espainia) abiatzen den Via de la Plata da denetan gogorrena. "43 etapa dira, batzuk oso luzeak, bero handia egin dezake, eta bideko azpiegitura eta seinalizazioa eskasak dira. Hori egitea nire bizitzako esperientzia indartsuenetako bat izan da".

Frantses bidea, ezagunena, bitan egin du; Oviedotik (Espainia) hasten den Primitiboa, beste bitan; Portugesa, Ponte de Limatik (Portugal) hasita, beste bitan; eta oraintxe bukatu du, lehenengoz, Ferroletik (Espainia) hasten den Ingeles bidea. "Denei gomendatuko nieke bizitzan behin egitea, batez ere, arazoren bat dutenei; esaterako, errutinak gain hartuta dabiltzanei. Sekulako esperientzia da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide