Etzi, larunbatez, erabakitzeko eskubidearen aldeko Pirinioetako Bidea egitasmoa izango da Hondarribiko Higer lurmuturraren eta Kataluniako Creus lurmuturraren artean. Herritarrek 300 bat gailur argiztatuko dituzte, 21:00etatik 22:30era bitartean, Gure Eskuk eta Kataluniako ANCk eta FEEC-k antolatuta eta Omnium Culturalek zein Artistes de la Republicak lagunduta.
Egitasmoaren zuzeneko saioa egingo dute hainbat hedabidek, eta emankizun hori Maxixatzen.eus-en ere ikusi ahal izango da. 21:00etatik 22:30era izango da, Maider Galardi eta Ana Iruretagoiena esatariek gidatuta. Gure Eskuk adierazi duenez, gailurretako eta aireko "irudi ikusgarriak" izango dira. Gainera, 21:15etik 22:50era ekitaldi politiko nagusia egingo dute egitasmoaren sustatzaileek Guils de Cerdenyatik (Katalunia), eta hango irudiak mendietakoekin uztartuko dituzte.
Azpeitiko, Errezilgo, Beizamako, Zarauzko, Orioko eta Aiako bizilagunak Larhun mendira igo dira; Zestoakoak, Zumaiakoak eta Aizarnazabalgoak, berriz, Manddale mendira; eta Getariakoak Xoldoko gaina, Larhun eta Ibantelira. Egitasmoan izena emateko aukera zabalik dago oraindik.