Udako II. Eraskusleiho Lehiaketako lehen saria, Ainhoa ile-apaindegiarentzat

Andoni Elduaien 2022ko eka. 24a, 13:15

Ana Azkoitia, Ainhoa ile-apaindegiko ordezkaria eta Sara Rodriguez. (Argazkiak: udala)

Bigarren saria ETK Informatikak lortu du, eta hirugarrena, Naiena arropa dendak. Sei saltokik parte hartu dute lehiaketan, eta horiek beraien produktuak eta zerbitzuak "modu originalean aurkezteko egin duten esfortzu handia" nabarmendu dute antolatzaileek.

Ainhoa ile-apaindegiak irabazi du udako erakusleiho lehiaketa. Udaleko Merkataritza Sailak eta Herrixen merkatari elkarteak sustatu dute bigarrenez Ongi etorri uda izeneko lehiaketa, eta aurten, ile-apaindegiak eskuratu du lehen saria. Bigarren saria, ETK Informatikak bereganatu du, eta hirugarren saritua Naiena arropa denda izan da. 350, 250 eta 150 euroko erosketa bonuak irabazi dituzte, hurrenez hurren, hiru irabazleek. Herrixen elkarteak, berriz, 50 euroko erosketa bonua zozkatu du Facebook bidez botoa eman duten herritarren artean.

Guztira, sei saltokik parte hartu dute aurtengo udako lehiaketan, eta saltokiek beraien produktuak eta zerbitzuak "modu originalean aurkezteko egin duten esfortzu handia" nabarmendu dute zinegotziak eta Herrixeneko arduradunak. Azkoitia eta Rodriguez saritutako saltokietara gaur goizean goizean joan dira, bertako arduradunak zoriontzera eta saria eskura ematera. Aurten, gainera, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko ordezkariak osatu du epaimahaia. 

Epaimahaiak Ainhoa ile-apaindegiaren eraskusleihoko "sormena" azpimarratu nahi izan du. "Sormena ondo diseinatua dago kontzeptu eta ideia bat komunikatzeko, eta hori erakusleihoa ikusi orduko ulertzen da. Garapena zuzena da, erabiltzen diren materialak ere bai, eta erakusleihoaren kontzeptua adierazteko egindako konposizioarekin asmatu egin da. Halaber, loreen presentziari esker, uda giroa indartu egin da".

ETK Informatika eta Naiena saltokiei dagokienez, epaimahaiak positiboki baloratu du "urtaroaren irudikapen argia". ETKren kasuan, honako epaia eman dute: "Gama kromatikoak eta girotzeak udako ohiko itsas giroa ekartzen dute gogora". Epaimahaiak, gainera, produktuak erabilera, funtzio edo marken arabera multzokatzeko gomendioa egin du. Naienaren kasuan, honako hau adierazi du: "Kreatibitateak bikain biltzen du erakusleiho osoa eta produktua aurkezten den espazioa girotzen du". Erakusleihoko "foku-puntua errespetatzeko" gomendatu du epaimahaiak.

ETK Informatikako ordezkaria, erdia, saria jasotzen.

Naiena arropa dendako ordezkaria, erdian, saria jasotzen.

Hona hemen saria jaso duten erakusleihoak, lehen postutik hirugarren postura:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide