Bi urteko geldialdiaren ondoren, Pelotai Eune itzuli da Azkoitira da, eta pilotaren bueltan festa egun betea ospatzen ari dira gaur herrian.
Atzo bisita gidatuarekin hasi zituzten VI. Pelotai Eune dela-eta antolatu dituzten ekintzak; zazpi lagun elkartu ziren Juan Bautista Mendizabalen azalpenak entzuteko, tartean Galdakaotik (Bizkaia) espresuki etorritako bi. Baina gaur dute egun handia, eta goizetik antzeman da hori. Txalkor txistulari taldekoak kalejiran ibili dira buruhandiekin 11:00etatik, pare bat orduz. Eguerdian, eguneko lehen partida jokatu dute Kontzejupean; jendeak adi jarraitu eta gozatu du Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Oihana Orbegozok Amaia Aldaregiaren eta Naroa Agirreren kontra jokatu duten neurketarekin.
Ondoren iritsi da eguneko hitzordu bereziena, Pelotai Euneren hasiera ofiziala. Azkoitiak pilotarekin duen lotura estuaren barruan esanguratsua den herritarren edo herritar multzoren bat omenduz eta omendutakoek egunaren hasierako pilotakada emanez hasten da beti Pelotai Eune, eta aurten Andueza familiakoak izan dira omenduak. Azkoitiko pilotari dinastia garrantzitsuenetako bat izan dira anduezatarrak, eta gaur familiako belaunaldi desberdinetako kideak elkartu dira Kontzejupean. Antolatzaileek anduezatar senide zaharrenei txapel bana jantzi diete, eta aurreskua eta bertsoak ere eskaini dizkiete. Ohorezko pilotakada, berriz, Pello Anduezak eman du.
Omendu nagusiak anduezatarrak izan dira aurten, baina Pelotai Euneren hasierako ekitaldian beste batzuentzat ere izan dira txaloak, atzo gomazko paletan Gipuzkoako Herriartekoa irabazi zutenak eta Jexux Arrizabalaga Tata ere gogoan izan baitituzte antolatzaileek.
Arratsaldean, finalak
Uneotan, dozenaka lagun elkartu dituen bazkaria egiten ari dira Azoka Plazan, eta arratsaldean jokatuko da eguneko pilota partida sorta nagusia Kontzejupean.
Lehen partidan, Alex Juaristi eta Markel Andueza herriko pilotariek Elola eta Labaka izango dituzte aurkari, 17:30ean. Ondoren jokatuko dituzte eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiaren finalak. 18:15ean, nesken finala jokatuko dute: Eneritz Garate eta Oihane Uzin arituko dira alde batetik, eta Maria Garate eta Oihana Aranbarri bestetik. Mutilen txapelketa herrikoiaren finala, berriz, 19:00etan hasiko da: Oier Epeldek eta Unai Juaristik osatuko dute bikote bat, eta Jon Oteizak eta Julen Olaizolak bestea. Finalak amaitutakoan, sari banaketa ekitaldia egingo dute Kontzejupean bertan.
Eta arratsaldeari jai giroa emateko, trikitilariak ibiliko dira kalez kale.