Xabier Munibe Ikastolak ikasturte amaierako jaialdia egingo du datozen bi egunetan Gurea pilotalekuan. Bihar, osteguna, HHko ikasleak izango dira protagonista nagusiak frontoian, eta etzi, ostirala, LHko ikasleen txanda izango da. HHkoen jaialdia 18:00etan hasiko da bihar, eta LHkoena 18:30ean, ostiralean.
Larunbatean, berriz, Xabier Munibe Ikastolak bere eguna ospatzeko jaia egingo du ikastolan bertan. Goizean hasi eta eguerdira bitartean hamaika ekintza egiteko aukera izango dute ikasleek zein irakasleek, gurasoek eta ikastolako kide ohiek. 10:00etatik 13:00etara bitartean, ikastolako haurrak atariaren bueltan elkartuko dira beren gelakideekin batera kirola nahiz eskulanak egiteko. Halere, bestelako zenbait ekintza ere antolatu dituzte Udaberri guraso elkarteak eta ikastolak. 11:00etatik 13:00etara, zirku tailerra egingo dute, eta 11:00etatik 14:00etara puzgarriak izango dira ikastolaren atarian.
13:00etan, gainera, panderoa, euskal dantzak eta dantza modernoa ikasten ari diren haurrek ikuskizuna eskainiko dute atarian. Ohi bezala, jaia musikak girotuta egingo dute Xabier Munibe ikastolan, eta atarian jarriko duten txosnan hamaiketakoa egiteko aukera ere egongo da.