Erabaki dira Anaitasuna GXF Sustapena xake txapelketaren irabazleak

Nerea Uranga 2022ko eka. 12a, 19:29

Anaitasuna GXF Sustapena xake txapelketako podiumetako bat. (Argazkia: Anaitasuna-Kakute xake taldea)

Hiru mailatan banatuta 113 xakelarik parte hartu dute Elkargunean jokatu den xake txapelketan. Xake jaialdiak izandako emaitzarekin eta xakelarien lanarekin oso gustura agertu da Anaitasuna-Kakute xake taldea.

Anaitasuna GXF Sustapena xake txapelketaren finalak gaur 10:00etan hasi dira Elkarguneko areto nagusian, eta Gipuzkoa osotik joandako 113 xakelarik parte hartu dute. Finala hiru mailatan banatuta jokatu dute –20 urtez azpikoena, 14 urtez azpikoena eta 12 urtez azpikoena– eta bost txanda osatu dituzte. 20 urtez azpikoetan Patxi Morenok (Hondarribia) irabazi du, bigarren Markel Vesgak (Legazpi) egin du eta hirugarren Alex Odriozolak (Donostia). 14 urtez azpikoetan, berriz, hurrenez hurren honakoak izan dira podiuma osatu duten xakelariak: Ibon Muñoz (Irun), Iker Tafall (Hondarribia) eta Marco Prieto (Irun). 12 urtez azpikoetan izan da parte hartze handiena, eta txapelketako irabazlea Jon Vernier (Irun) izan da, haren atzetik egin dute Dani Odriozola eta Pau Algans donostiarrek. Sari banaketan, Angel Martin Azkoitiko Kirol zinegotziak eta Anaitasuna-Kakute xake klubeko Imanol Larrañagak parte hartu dute.

Txapelketa tokiz aldatu izana "positiboa" izan dela adierazi du txapelketaren antolaketaz arduratu den Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak, eta txapelketan parte hartu duten xakelari guztiak eta babesleak eskertu dituzte. Sari banaketa ekitaldian, Jexux Andueza zena gogoan izan dute gainera, xake txapelketaren antolaketan parte hartu izan zuelako.

Jexux Andueza zenaren senideei oroigarria ematen. (Argazkia: Anaitasuna-Kakute xake taldea)

Anaitasuna-Kakute xake taldeak gogorarazi du Azkoitia Hiria 40. Xake Txapelketa jokatuko dutela hamabost egun barru, eta hamasei taldek dutela izena emanda. Talde horietako bat Anaitasunako xakelari neskek osatutakoa izango da. Taldeko kapitaina Judith Goenaga izango da, eta taldekideak Lucia Valor, Alaitz Hidalgo, Maria Okuda eta Erin Goenaga izango dira.

Azkoitiko xakelari batzuk, gaur Elkargunean. (Argazkia: Anaitasuna-Kakute xake taldea)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide