Anaitasuna GXF Sustapena xake txapelketaren finalak gaur 10:00etan hasi dira Elkarguneko areto nagusian, eta Gipuzkoa osotik ehundik gora gaztetxo bertaratu dira lehian parte hartzera eta burua landuz goiz ederra igarotzera. Finala hiru mailatan banatu dute –20 urtez azpikoena, 14 urtez azpikoena eta 12 urtez azpikoena– eta bost txanda osatu dituzte.
Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatu du txapelketa Gipuzkoako Xake Federazioarekin elkarlanean, eta txapelketa honek ordezkatu du orain arte Kutxa Fundazioa-Gaztedi Txapelketa zena. Azkoitiko klubak badu eskarmentua txapelketako finala antolatzen, aurrez zortzi aldiz antolatu baitu Gaztedi Txapelketarena –2004an, 2007an, 2012an, 2017an, 2018an, 2019an, 2020an eta 2021ean–.