Hurrengo larunbatean, ekainak 18, ospatuko dute VI. Pelotai Eune. Ohi bezala, Kontzejupean eta haren bueltan egingo dute pilotaren festa. Seigarren edizio honetan, anduezatarren dinastia omenduko dute antolatzaileek, eta familia horretako senideek emango diote hasiera egunari. Aurten ere, pilotakada jaurtiko dute omenduek Kontzejupetik.
Larunbatean, 11:00etan hasiko da jai giroa herriko kaleetan zehar; izan ere, 13:00 bitartean, Txalkor taldeko txistulariekin batera kalejiran ibiliko dira erraldoiak eta buruhandiak. 12:30ean, nesken binakako pilota partida jokatuko dute Kontzejupean. Batetik, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Oihana Orbegozo arituko dira, eta bestetik, Andrea Aldaregia eta Naroa Agirre.
13:00-13:15 inguruan botako dute pilotakada anduezatarrek, eta segidan, 13:30ean, mutilen pilota partida jokatuko dute. Xabier Andreu eta Jokin Errasti azkoitiarrak, Aitor Mendizabal Mendizabal III.a antzuolarraren eta Aitor Goenaga azkoitiarraren aurka arituko dira. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Azoka Plazan.
Arratsaldean, trikitilari gazteak kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan zehar. Kontzejupean, berriz, hiru pilota partida jokatuko dituzte. Lehen partidan, Alex Juaristi eta Markel Andueza herriko pilotariek Elola eta Labaka izango dituzte aurkari 17:30ean, Kontzejupean.
Ondoren jokatuko dituzte eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiaren finalak. 18:15ean, nesken finala jokatuko dute: Eneritz Garate eta Oihane Uzin arituko dira alde batetik, eta Maria Garate eta Oihana Aranbarri bestetik. Mutilen txapelketa herrikoiaren finala, berriz, 19:00etan hasiko da: Oier Epeldek eta Unai Juaristik osatuko dute bikote bat, eta Jon Oteizak eta Julen Olaizolak bestea. Finalak amaitutakoan, sari banaketa ekitaldia egingo dute Kontzejupean bertan.
Ostiralean, bisita gidatua
Pelotai Eune larunbatean ospatuko badute ere, ostiralean, ekainaren 17an, herriko pilotalekuen bilakaera zein izan den ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. 18:30ean, Kontzejupean elkartuko dira, eta handik abiatuta herriko frontoien historia sakonago ezagutzeko aukera izango da. Juan Bautista Mendizabal historialariak zuzenduko du bisita.