Amaitu da Azkoitiko Udalak martxan izan duen I. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketa. Guztira, 24 lan jaso dituzte, eta erakundeak gaur, ostirala, jakinarazi du epaimahaiaren erabakia. Hain zuzen, gazteen zein helduen mailako sei lan saritu dituzte.
Helduen mailan, berriz, Eli Pagola bertsolari hernaniarrak irabazi du lehiaketa –500 euro–, Tximista eta trumoia izeneko lanagatik. Bigarren saria –250 euro– Aimar Goenaga eibartarrak eskuratu du, Amonak bilobari lanagatik. Helduen mailako Azkoitia saria –300 euro–, bestalde, Lide Rekondo azkoitiarrarentzat izan da, Amonak bere bizitzaren errepasoa egiten dio bilobari izeneko bertso sortagatik.
Gazteen mailan, berriz, Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarrak irabazi du lehen saria –250 euro–, Eten punturik ez lanagatik. Oier Juaristi azkoitiarra izan da bigarrena –125 euro–; Denbora azkarregi, goizetik gaueraino izeneko bertsoak aurkeztu ditu hark lehiaketara. Azkoitia saria, bestalde, Noa Break, Intza Arrietak eta Maddi Arrietak osatutako hirukoteak irabazi du –150 euro–; hiru lagun horiek Jakara bidaia izeneko lana aurkeztu dute.
18 urte azpiko gazteek seina bertso aurkeztu behar izan dituzte lehiaketara, eta 18 urtetik gorako helduek zortzina bertso. Parte hartzaile bakoitzak gai librean osatu behar zan ditu bertsoak, nahi duen neurria eta doinua erabilita. Lehiaketari zentzua emanez, bertsoak euskaraz eta hitanoan idatzita aurkeztu behar izan dituzte; gainera, epaimahaiak noka idatzitako bertsoak baloratu egin ditu.
Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatu dute, eta horiek guztiek saritutako "lanen kalitatea" azpimarratu dute. Hala ere, "zenbait kasutan, hitanoaren eta zukaren nahasketa" agertzen dela aipatu dute kideek, eta "hiperritanoa erabiltzeko joera" ere nabarmendu dute. Bertsopaper lehiaketako lanen sari-banaketa ekitaldia ekainaren 30ean egingo dute Elkargunean. Egun horretan bertan II. Hike eizan! bertso saioa egingo dute han, eta Miren Amuriza, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso arituko dira bertsotan, Imanol Artola Felix gai-jartzaileak emandako gaiei erantzunez.