Euskadiko Turismo Etikoaren Erregistroan sartu dituzte Azkoitiko hiru enpresa eta erakunde

Amaia Urbieta 2022ko eka. 2a, 12:15

Intxausti jauregian daude kokatuta Iraurgi Berritzenen bulego batzuk.

"Erantzukizun soziala eta jasangarritasun printzipioak eguneroko jardunean integratzeko lanari" egindako errekonozimendua jaso dute turismora bideratutako hiru eragilek: Larramendi Torrea, Azkoitia Hostel eta Iraurgi Berritzen garapen agentzia. Eusko Jaurlaritzak Kode Etikoaren zigilua eman die horiei.

Euskadiko Kode Etikoaren bueltan jasotako prestakuntza eta konpromiso ibilbidea osatu duten turismo eragileei Kode Etikoaren zigilua eskaini berri die Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta tartean dira Azkoitiko enpresa eta erakunde batzuk: Larramendi Torrea, Azkoitia Hostel nahiz Iraurgi Berritzen garapen agentziak.

Orotara, 530 enpresak eta erakundek jaso dute aitortza Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horietatik 53 Urola Kosta eskualdekoak dira; hiru, berriz, Azkoitikoak. "Erantzukizun soziala eta jasangarritasun printzipioak eguneroko jardunean integratzeko lanari" egindako errekonozimendua da bereizgarria

Turismoarekin zeharkako lotura duten alderdi ugari lantzen dituzte Kode Etikoaren barruan, hala nola bisitari eta turisten ulermena erraztea, berdintasun, aniztasun eta inklusio kontzeptuak, iraunkortasuna edota tokiko tradizioaren eta kulturaren gaineko babesa, eta zerbitzuen bikaintasuna eta profesionaltasuna.

Bilboko Azkuna Zentroan egin zuten aitortza ekitaldia joan den maiatzaren 23an, Iñigo Urkullu lehendakariaren gidaritzapean, eta saritutako erakundeetako hainbat ordezkari izan ziren bertan. Jardunbide egokien erregistroan gorde dute ziurtagiria jaso duten enpresen-eta zerrenda, administrazioak etorkizuneko politiketan horiek aintzat har ditzan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide