Azkoitiko San Jose egoitzako langileek elkarretaratzea deitu dute etzirako, osteguna. Eliz atarian elkartuko dira 20:00etan, eta deialdiarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei, senideei eta Azkoitiko zein inguruko eragile sozial guztiei. San Jose egoitzako langileek nabarmendu dutenez, egoera "gero eta larriagoa" da adinekoen zentroan, eta azken urteetako bilakaeraren aurrean, herriko kaleak hartzera "behartuta" ikusi dutela beren burua.
Azkoitiko San Jose egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren barruko Kabia erakundeari atxikita dago. Egoitza kudeatzeko ardura, berriz, Biharko enpresak du. "Aldundiak diru publikoarekin finantzatzen du egoitza, eta enpresa pribatu batek kudeatu. Langileok aspalditik gabiltza 2007. urtetik eguneratu gabe dauden ratioak hobetzeko borrokan, baita gure lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen baten aldeko grebekin ere. Halere, ez gaituzte kontuan hartzen. Zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu, langileen gehiengoa emakumeak gara, baina enpresa pribatuen irabaziak lehenesten dira behin eta berriz", adierazi dute beharginek.
Haien arabera, pandemiak "arazo estrukturalak areagotu" egin ditu adinekoen egoitzetan, eta langile "gutxiago" egoteaz gain, lan karga "bikoiztu" egin zaie. "Behin eta berriz errefortzuak eskatu arren, egoitzako zuzendaritzak ratioen aitzakia jartzen du langile gehiago ez kontratatzeko. Etengabe eta azken unean aldatzen digute egutegi, eta hori gutxi balitz, ordu gehiago sartu behar izaten ditugu egoiliarrak behar bezala artatzeko. Langileen %60ak baino gehiagok lanaldi partziala du; hori da gure errealitatea. Horren ondorioz, enpresaren beharrizanetara egokitu behar izaten dugu, behin eta berriz".
Martxoaren 31n sartu zen indarrean lan erreforma berria, eta langileen esanetan, horrek "gehiago prekarizatu" du egoitzako egoera. "Hainbat lankide kolpera kaleratu dituzte, lan erreforma berriak zenbait lan kontratu luzatzea debekatzen duela esanez. Horien artean dago bederatzi urte eta erdian San Jose egoitzan gurekin lanean aritu den kide bat. Ez gaude horrelako injustiziak onartzeko prest". Halaber, jakinarazi dute urteetan behin-behinean aritu diren zenbait langileri %60ko lanaldidun behin betiko zenbait kontratu egin dizkietela, "egoeraren gainbehera apur bat frenatzeko". Mugimendu hori, baina, arazoaren konponbidea lortzetik "oso urrun" dago langileen iritziz.
"Langile gehiagoren beharra"
San Jose egoitzan dauden egoiliarren kalitatezko zaintza eskaini ahal izateko, "langile gehiago behar" direla diote egoitzako beharginek. "Gaur-gaurkoz behar bezala ematen dugu eskatzen zaigun zerbitzua, baina hori egoitzako langileon izerdiari eta esfortzuari esker lortzen da. Halere, ezingo diogu erritmo horri luzaroan eutsi, emozionalki eta fisikoki oso kolpatuta baikaude". Langileen esanetan, egoerak "zuzenean" eragiten die egoiliarrei, eta zaintza lanei "behar duten aitortza egiteko garaia" da.
Horrez gain, lan eskubideak "galtzen" ari direla ere azaldu dute, eta "geroz eta gutxiago errespetatzen" dituztela ere bai. "Duina izatetik urruntzen ari da zaintza lana. Horregatik guztiagatik, arazo larri honi irtenbidea emateko urrats errealak emateko eskatu nahi diegu gure egoitzan ardura duten Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azkoitiko Udalari. Pertsonak erdigunean jarriko dituen egoitza eredu bat sustatu beharra dago, zaintza publikoa eta kalitatezkoa izan dadin".