Amaiuraldira joateko autobusa antolatu dute

Andoni Elduaien 2022ko mai. 31a, 09:00

Nafarroa Berriz Altxaren agerrialdi bateko irudia. (Nafarroa Berriz Altxa)

Ekainaren 5ean izango da Amaiuraldia, Amaiurren eta Elizondon, aurten 500 urte beteko baitira Amaiurko batailatik. Hara joateko doako autobus zerbitzua antolatu dute Azpeitian; aurrez eman beharko da izena, Azpeitiko Sanagustinen edo Orkatzen. Azkoitian ere egingo du autobusak geldialdia, herritarrek izena ematen badute.

Aurten 500 urte beteko dira Amaiurko batailatik, eta urtemuga borobil horren harira, errepublika aske eta burujabea aldarrikatzeko, Amaiuraldia egitasmoa antolatu du Nafarroa Berriz Altxak. Ekainaren 5erako, igandea, ekitaldia, martxa, bazkaria, kontzertuak eta abar izango dira Amaiurren nahiz Elizondon, eta Azpeititik hara joateko autobusa antolatu dute.

Doako autobus zerbitzua izango da 08:45ean Azpeitiko anbulatorioaren aurretik aterata, eta itzulerarako hitzordua 18:00etan jarri dute. Dena den, autobusez joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean nahiz Orkatz kultur elkartean. Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak jakinarazi duenez, azkoitiarrek izena ematen badute, Azkoitian ere egingo du geldialdia autobusak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide