Maxixatzen Egunarekin ospatuko du euskara elkarteak 25. urteurrena

Ane Olaizola 2022ko mai. 26a, 09:57

Joan zen astean Maiatzeko Lorak egitasmoaren barruan egindako bertso saioko irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Etzi ospatuko du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak mende laurdeneko ibilbidea. Hiru urteren ondoren, Batzar Orokorra egingo du, eta elkartearen asmoa da bazkideen "iritzia" jasotzea.

Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 25 urte bete zituen joan zen urtean. Izurriaren eraginez, ordea, taldekideek ezin izan zuten mende laurdeneko ibilbidea ospatu, eta azkenean, etzi gauzatuko dituzte urteurreneko ekitaldiak. Maxixatzen Egunak bilduko ditu goizetik eguerdira artean egingo dituzten saioak, eta era berean, elkarteak antolatzen duen Maiatzeko Lorak egitasmoa itxiko du urteurreneko festak. 

Maxixatzen Egunari hasiera emateko, Batzar Orokorra egingo dute 11:00etan, Elkargunean. Elkarteak dagoeneko bidali dizkie hara bertaratzeko gonbidapen mezuak eta eskutitzak bazkideei, eta jakinarazi dutenez, zuzendaritzaren jarraipena, 2021eko memoria, aurtengo aurrekontuak eta 25. urteurrena izango dira saioan landuko dituzten gaiak. 

Izurriaren ondorioz, hiru urte igaro dira Maxixatzenek azkenengoz Batzar Orokorra egin zuenetik, eta elkarteko idazkari Julen Garatek adierazi duenez, "aldaketa handiak" izan dira tarte horretan: Maxixatzen UKT kooperatibara batu izana, elkarteak Azkoitiko Udalarekin lortutako akordioa eta Euskaraldia Azkoitian antolatzeko ardura elkarteak hartu izana jarri ditu hark adibidetzat. Horren aurrean, elkarteak azken bi urteetan egindakoa bazkideekin "kontrastatu" nahi du etziko batzarrean: "Maxixatzen elkarteak talde finkoa du egun, eta hango langile bat liberatuta izateak gauzak erraztu egiten ditu. Dena den, jakin nahi dugu ea bide onetik al goazen; elkartearen nondik norakoen berri eman nahi diegu bazkideei, eta haien iritziak jaso". 

Bestalde, Euskaltzaleen Topaguneak esku artean duen Euskaldun Aktiboaren Sarea egitasmoan Maxixatzenek zer ekarpen egin dezakeen ere jorratuko dute bileran. 

Zuzendaritza berbera

Elkartearen zuzendaritzari dagokionez, taldea mantendu egingo dela aurreratu du Garatek, eta Batzar Orokorrean horren inguruan informatuko diela bazkideei. Beraz, Idoia Alberdik lehendakari izaten jarraituko du, eta hark Aitor Arruti lehendakari ordearekin, Josune Herrarte diruzainarekin eta Garaterekin osatuko du zuzendaritza taldea. 

Batzar Nagusiaren ondoren hasiko da Maxixatzen Eguna festa kutsua hartzen; 12:30ean Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak kantu kalejira eskainiko du; gero, elkarteko laguntzaileei eskerrak emateko bazkaria egingo dute Abaraxka jatetxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide