Ibon Guridi: "Urrezko LEB ligan gerra emateko gai garela erakutsi dugu"

Julene Frantzesena 2022ko mai. 19a, 09:52

Ibon Guridi, Juaristi ISBren kapitaina. (Utzitakoa)

Partida ezin garrantzitsuagoa jokatuko du Juaristi ISBk bihar (21:00) Azpeitiko kiroldegian, Palenciaren kontra: saskibaloiko Urrezko LEB ligan jarraitzea du jokoan. Baikor da Ibon Guridi kapitaina.

Denboraldiaren hasieran uste ez zuten egoeran iritsi da Juaristi ISB haren amaierara: bere esku dago saskibaloiko Urrezko LEB ligan, Espainiako bigarren liga garrantzitsuenean, beste sasoi bat egitea. Gogoz, borrokarako grinez, da Ibon Guridi (Azpeitia, 1992) taldeko kapitaina.

Hil ala biziko partida jokatuko duzue bihar. Nola zaudete?

Neurketa iristeko gogoarekin, astea luzea egiten baita. Duela hilabete nola geunden eta azken partidara zer aukerarekin iritsi garen ikusita… Giro bikaina sortzea espero dugu, partidak merezi duelako; uste dut zaleak ere partidarako irrikaz daudela.

Sailkapeneko bosgarrena, Palencia, izango duzue aurrez aurre. Zer aurreikuspen dituzue?

Talde oso on baten kontra jokatuko dugu etxean, baina badakigu kanpoko taldeentzat ez dela erraza Azpeitian irabaztea. Zaleen bultzadarekin, hazi egiten gara; aurkari handi asko erori dira Azpeitian, hala nola Estudiantes eta Granada, lehen bi talde onenak, baita Gipuzkoa Basket ere. Partida zaila izango da, baina ea irabazteko gai garen, jakin bai baitakigu jokoan zer dagoen; guretzat izugarrizko saria izango da mailari eustea. Denboraldi hasieran, inork ez zuen ISBk mailari eustearen aldeko apusturik egiten; uste dut geu ginela horretan sinesten genuen bakarrak, eta begira…

Hamabi garaipen lortu dituzue sasoia hasi zenetik. Nola baloratzen duzu egindako lana?

Duela lau urte, Urrezko LEB ligan aritu ginenean, hiru talde puntuetan berdinduta geundela jaitsi ginen mailaz. Gainera, hamabi garaipenekin mailari eustea lortu zuten talde batzuek. Bi talde jaitsi ginen orduan, eta orain hiru izango dira. Denboraldiaren hasieran hamabi garaipen lortuko genituela esan izan baligute, ez dakit kontratua sinatuko genukeen, baina hortxe-hortxe izango ginatekeen. Lehen lau jardunaldietan ez genuen garaipenik lortu, eta bosgarrenean, Estudiantesi irabazi genion. Gugan sinetsi dugu, eta jendearen bultzada ikaragarria izan da. Hamabi garaipen lortu ditugu, eta hamahirugarrena lortzeko aukera erreala da. Halaber, galdutako partida batzuetan lehiakor aritu gara. Balantzea ona da, baina mailari eustea eskuetan izan eta lortzen ez badugu, arantza gelditu egingo zaigu.

Zeuen esku dago, gutxienik, mailari eustea…

Ahalik eta lan onena egiten saiatuko gara, hori garbi dugu. Gure esku dago, bai, mailari eustea, orain dela hiru astera arte ez bezala. Horrek esan nahi duena da azken hilabete eta erdian lanak oso ondo egin ditugula. Denboraldi bukaerara ondo iritsi gara, eta erakutsi dugu ez dugula etsi. Une zailak ere bizi izan ditugu, eta horietan oso garrantzitsua izan da zaleen babesa. Granadaren aurkako partida hasterako, adibidez, zale denak txaloka aritu zitzaizkigun; hotzikara sentitu genuen, baina izugarrizko indarra eman zigun horrek. Gure esku dago dena, baina hala ez zegoenean ere, ez gara aritu besteen partidei begira, eta orain ere gurean zentratuta gaude.

Datorren denboraldian Urrezko LEB ligan jarraitzeak zer esan nahi du zuentzat?

Maila horretan aritze hutsa… Aurreko denboraldian egin genuen lan zoragarriaren ordaina da. Saria izan da Estudiantesen, Granadaren eta Gironaren kontra aritzeko aukera izatea. Behin hor egonda, ordea, uste dut erakutsi dugula mailari euts diezaiokegula. Talde handi askoren aurka partida onak jokatu ditugu, nahiz eta beste neurketa askotan gorabeherak izan ditugun, eta Urrezko LEBen gerra emateko gai garela erakutsi dugulakoan nago. Gainera, etxeko jokalariok izan dugun protagonismo puntua aipatuko nahiko nuke, talde handien aurka lehiatzeko aukera izan dugulako. Mailari eustea izugarria litzateke: batetik, bertako hainbat jokalarirekin aritu garelako; eta bestetik, hasieratik garaitzeko talde erraztzat hartu dutelako gurea. Erakutsi dugu, kolpez kolpe eta lan eginez, ez ginela aurkari errazak. Beraz, bihar irabaztea egin dugun lan izugarriaren ondorioa izango da; eta galtzen badugu, berriz, egindako lan hori ahaztu gabe, pena hartuko dugu.

Zortea etsai izan al duzue?

Zortea bilatu egin behar izaten da. Partida batzuetan bukaerara arte borrokatu dugu, baina horietako batzuk ezin izan ditugu irabazi; parekoak izan diren beste batzuk, berriz, irabazi egin ditugu. Ez nuke esango zortea etsai izan dugunik, ezta alde ere. Egin dugun lanari begiratuta, ligako sailkapena gurekin justua izaten ari dela uste dut. Gauden lekuan merezi dugulako gaude.

Gertatzen dena gertatzen dela, zer asmo dituzu datorren denboraldirako?

Beste urtebetez Urrezko LEB ligan aritzea izugarria litzateke, baina Zilarrezko LEBen bada ere, beste urtebetez jarraitzeko asmoa daukat. Urtetik urtera jokatzeko gogo handiagoa sortu zaidala uste dut; mesede egiten dit kirola egiteak. Denboraldia luzea egiten zait beti, nekatuta bukatzen dut, baina gauza on asko ematen dizkit saskibaloiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide