Naia Arrizabalaga eta Sebastian Lizaso bertsotan arituko dira ostegunean San Jose egoitzan

Anartz Izagirre 2022ko mai. 16a, 09:00

Sebastian Lizaso eta Eneritz Artetxe, joan zen azaroan izandako bertso saioko une batean.

Adin-adin egitasmoaren barruko saioa izango da, eta bertsolaritza adinekoen egoitzetara iristaraztea da helburu nagusia. Datozen asteetan egingo dena zazpigarren edizioa izango da.

Datorren ostegunean, maiatzak 19, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk antolatutako Adin-adin egitasmoaren barruko bertso saioa izango da San Jose egoitzan. Naia Arrizabalaga azkoitiarrak eta Sebastian Lizaso azpeitiarrak eskainiko dute saioa, eta egitasmoaren helburu nagusietako bat bertsolaritza adinekoen egoitzetara iristaraztea da.

Maite Peña Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, joan zen azaroan egin zuten Adin-adin egitasmoaren seigarren edizioa —Eneritz Artetxek eta Sebastian Lizasok abestu zuten San Josen—, eta oraingoa, zazpigarrena izango da: "Izan zuten harrera ona kontuan izanik, saio berriak antolatu ditugu maiatzean, udazkenera arte itxaron beharrean". Guztira, lurraldeko hemezortzi egoitzetan ariko dira bertsolariak kantuan.

Bertso saio horien "garrantzia eta onura" nabarmendu ditu Peñak, eta proiektua sendotzen ari dela ere jakinarazi du: "Urtez urte proiektua haziz doa, eta azken urteetako balorazio positiboak oinarri harturik, horrelako ekimenak zabaltzen jarraituko dugu". Adin-adinen gakoa "adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta beren arteko harremana hobetzean" dagoela azpimarratu du diputatuak, eta "eragin positiboa" duela egoiliarrengan: "Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide