Bihar eta etzi artean banatuko dituzte Errigoraren produktuak Azkoitian

Andoni Elduaien 2022ko mai. 10a, 16:12

Olioa, kontserbak eta bestelako produktuak banatuko dituzte.

Berdura plazako lokalean egingo dute produktuen banaketa datozen bi egunetan. Euskal Herrian bezala, Azkoitian ere inoizko eskaera handiena egin dute aurten herritarrek; izan ere, eskaerak hazi egin dira herrian. 

Bihar, asteazkena, eta etzi, osteguna, banatuko dituzte Errigoraren udaberriko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainako produktuak Azkoitian. Gaur, asteartea, iritsi dira Nafarroako produktuak herrira, eta datozen bi egunetan Berdura plazako lokalean –lehengo Exposito fruta-dendan– egingo dute banaketa. Hain zuzen, bihar, 11:30etik 13:00etara irekiko dute gunea, eta etzi, osteguna, 18:00etatik 20:00etara.

Azkoitian inoizko eskaera handiena egin dute aurten herritarrek; izan ere, 240 olio, 187 kontserba poto eta bestelako 27 produktu eskatu dituzte herrian. Olioaren kasuan 189 poto eskatu ziren iaz, 161 kontserba poto, eta bestelako 21 produktu. Bestalde, duela bi urte, 2020an, 148 olio, 106 kontserba poto eta bestelako hamahiru produktu eskatu zituzten herritarrek. Urtez urte gora ari da egiten, beraz, eskaera kopurua.

Herrian bezala, Euskal Herrian ere eskaria %20 hazi da iaztik, eta 10.000 despentsa beteko dituzte Nafar hegoalde eta erdialdeko produktuekin. Hain zuzen, 143.000 litro olio saldu dituzte, iaz baino %20 gehiago; eta kontserba potoen nahiz arroz, pasta eta lekaleen eskariek ere gora egin dute, %15 igoz –271.000 kontserba poto eta 41.000 pakete–

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide