Bueltan da berriro ere Urretxu-Zumarragako Ostadar mendi taldeak antolatzen duen Iñaki Beitia Mendi Martxa. Bi urteko etenaren ostean, aurten probaren 24. edizioa egingo dute maiatzaren 22an, igandea, eta hiru eskualdetatik igaroko da: Goierritik, Debagoienetik eta Urola Erditik. Zumarragako (Gipuzkoa) Areizaga/Kalebarren plazatik abiatuko da proba, 07:00etatik 07:30era bitartean, eta 31,5 kilometroko luzera eta 1.700 metroko desnibela izango du. Azkoitian, besteak beste, Pagotxetatik, Oletatik eta Aizpurutxotik igaroko da mendi martxa; gainera, Pagotxetan eta Aizpurutxon anoa guneak ezarriko dituzte.
Internet bidezko izen-ematea martxan da dagoeneko, honako lotura honetan. Horrez gain, aurrez aurre ere eman ahal izango da izena, Zumarragako Ispilla eta Urretxuko Aldiri kiroldegietan nahiz Ostadar mendi taldearen egoitzan —Zumarragako kultur etxean, astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan, 19:00etatik 20:00etara—. Zortzi euro ordaindu beharko da izen-ematea aurrez, eta hamar euro egunean bertan.
Berrikuntzei dagokienez, edizio honetan Oñamendi gailurreko postontzia ezagutzeko aukera izango da, iaz Beitia hil zeneko 25. urtemugan inauguratu zutena, hain justu. Bestalde, Urretxuko eta Zumarragako udalen laguntzarekin, aparkaleku berezia izango da beste herrietatik doazen kirolarientzako, martxarako bereziki jarritako aparkalekuak izango baitira Urretxuko Lizeoan eta Zumarragako La Salle ikastetxean.
Iñaki Beitia Mendi Martxaren webgunean irakur daiteke probaren inguruko informazio guztia.