Juaristi ISBk garaipen garrantzitsua eta historikoa lortu du Gipuzkoa Basketen kontra

Julene Frantzesena 2022ko mai. 8a, 19:41

Juaristi ISBk eta Acunsa Gipuzkoa Basketek gaur jokatu duten partidako irudi bat. (ISB)

Urrezko LEB Ligan jarraitzeko borrokak bizirik jarraitzen du Azkoitiko eta Azpeitiko taldearentzat, gaurko derbian lortutako garaipena tarteko. Laugarren laurdenera arte estu izan da partida, baina etxekoentzat izan da garaipena: 75 eta 66 bukatu da neurketa. Mailari eusteko, Prat taldeak baino garaipen bat gehiago lortu beharko du Juaristi ISBk, denboraldia bukatzeko falta diren bi partidetan.

Juaristi ISBk garaipen ezin garrantzitsuagoa lortu du gaur Azpeitiko kiroldegian. Bi arrazoigatik zen garrantzitsua Acunsa Gipuzkoa Basketen kontrako partida irabaztea: mailari eusteko borrokan jarraitu ahal izateko eta Gipuzkoako bi taldeen arteko derbi bat poltsikoratzeko.

Kiroldegiko harmailak beteta zirela jokatu dute derbia bi taldeek; izan ere, biek zuten zerbait jokoan. Juaristi ISBrentzat oso garrantzitsua zen gaur garaipena eskuratzea, Urrezko LEB Ligan jarraitzeko aukerak bizirik mantentzeko. Aldiz, Acunsa Gipuzkoa Basketek garaipena behar zuen igoera fasean aritzeko. 75 eta 66 bukatu da neurketa, eta ISB nagusitu bada ere, bi taldeek dute helburua betetzeko aukera.

Lehen zatia orekatua izan da, eta halaxe erakutsi du markagailuak: hamalauna. Bigarrenean, berriz, Juaristi ISB izan da aurretik, 34 eta 31. Atsedenaldiaren ostean, gogotsu atera dira kantxara bi taldeetako jokalariak, eta etxeko taldeak aldea handitzea lortu du: 53 eta 49. Laugarren eta azken zatia erabakiorra izan da. Gainera, aipatzekoa da Manex Ansorregi azkoitiarrak egin duen lana; izan ere, hark eskuratu ditu ISBren bederatzi puntuetatik zazpi. Acunsa Gipuzkoa Basket ere saiatu da ISBri aurrea hartzen, berdindu ere egin du partida une batean, baina ezin izan dio joerari eutsi. Gainera, laugarren zatian sorbaldan min hartu du Aitor Zubizarreta Gipuzkoa Basketeko jokalari azpeitiarrak.

Denboraldia bukatzeko bi partida baino ez dira falta, eta bi taldeek bi neurketak irabaztea behar dute, nahiz eta helburuak zeharo desberdinak diren. Juaristi ISBk Prat taldearekin berdintzea lortu du, baina, hala ere, sailkapeneko jaitsiera postuetan da. Mailari eusteko Prat taldeak baino garaipen bat gehiago eskuratu beharko du Iñaki Jimenezek gidatzen duen taldeak; datorren ostiralean, esaterako, Acunsa Gipuzkoa Basketen kontra jokatuko du Kataluniako taldeak, eta Peñas Huescaren kontra, berriz, Juaristi ISBk. Acunsa Gipuzkoa Basketek azken bi partidak irabaztearekin ez du aski izango, eta mailaz igotzeko lehiarako hautagai diren taldeen emaitzen zain egon beharko du.

Bestalde, ISBren infantil mailako nesken Marmoles Aztiria ISB taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi berri du, eta klubak omenaldia egin zion taldeari atzoko partidan. Dominak eta txapelketaren kopa jaso, eta kiroldegian elkartutako jarraitzaileen txaloak jaso zituzten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide