Lur gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa gaur hasi da, eta lehen jardunaldia Azkoitian jokatu dute. Hain zuzen ere, Trenbidearen Zumardiako zelaietan egin dituzte tiraldiak txapelketa ikustera gerturatu diren herritarren babespean, eta lau talde lehiatu dira elkarren aurka: Mutriku (Gipuzkoa), Erandioko (Bizkaia) Goiherri, eta Laukizko (Bizkaia) Gaztediren A nahiz B taldeak. 680 kiloko modalitateko lehia izan da jokatu dutena, eta Gaztediren bi taldeak izan dira elkarren aurkako lehen tiraldia egin dutenak.
Azken urteetan sei taldek parte hartu izan dute lur gaineko sokatira txapelketan. Mutrikuko sokatira taldeak antolatu du txapelketa Azkoitiko Udalaren babesarekin. Mutriku da egun lur gaineko probetan parte hartzen duen Gipuzkoako sokatira talde bakarra, eta zaletasuna sortzeko nahiz gazte jendea sokatirara erakartzeko asmoz antolatzen dute urtero proba Gipuzkoako herriren batean, normalean Azkoitian.