Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Maiatzeko Lorak egitasmoa antolatu du aurten seigarrenez, eta atzo, ostirala, ekin zieten lehen kultur ekintzei. Julen Garate elkarteko kideak Kantun kontuk kontakizuna eskaini zuen Laja jatetxean, eta, bertan, bere bizitzaren errepasoa egin zuen hainbat abestiren bitartez. Horren ostean, Txomin DJak 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako musika jarri zuen.
Datorren zapatuan, hilak 14, jarraituko du egitasmoak. Izan ere, 30. urteurrenaren harira XXX diskoa kaleratu berri duen Piztiak Azkoiti-Azpeitiko taldeak kontzertua eskainiko du Matadeixen, 19:00etatik aurrera. Hilaren 20an, berriz, bertso saioa eskainiko dute Andoni Egañak, Beñat Gaztelumendik, Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek, eta Juan Inazio Sudupek egingo ditu gai jartzaile lanak. Floreagako aretoan izango da saioa, 22:00etan hasita.
Azkenik, hilaren 28an Maxixatzen Eguna ospatuko du elkarteak. Izan ere, Maxixatzenek 25 urte bete zituen joan zen urtean, baina COVID19ak eragindako izurria tarteko, aurtengorako utzi zituen aurten mende laurdeneko ospakizunak; hori hala, 11:00etan Batzar Orokorra izango da Elkargunean, eta 12:30ean Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin kantu kalejira egingo dute herrian zehar. Ondoren, elkarteko laguntzaileei eskerrak emateko bazkaria egingo dute Abaraxka jatetxean.