Norgehiagoka garrantzitsua zuen jokoan atzo, ostirala, Tta-kun areto futbol taldeak. Izan ere, puntu bat batzea nahikoa zuen Gipuzkoako Lehen Mailarako igoera fasera sailkatzeko. Ausa Zaldibiren aurka berdinduz gero, sailkapeneko laugarren postua ziurtatuko zukeen Tta-kun taldeak —sailkapeneko lehen lau taldeak sailkatuko dira—, eta irabaziz gero, gaur-gaurkoz hirugarrena den taldearen emaitzaren zain egon beharko zukeen. Atzoko partidan, ordea, gehiago izan zen Zaldibiako (Gipuzkoa) taldea, eta Azkoitiko taldeak ezin izan zuen ezarritako helburua bete.
Tta-kun taldeko Piok egin zuen lehen gola partidan, baina minutu bat beranduago iritsi zen Ausa Zaldibiren berdinketa, eta 28. minutuan aurretik jarri ziren. Azkenean, 3-4 amaitu zen partida, eta Azkoitiko taldea igoera fasera sailkatzeko aukerarik gabe gelditu da; beraz, 2022-2023 denboraldian ere Gipuzkoako Bigarren Mailan jarraituko du Tta-kunek.