Maiatzean zehar urte bat beteko du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak autodefentsa laboralerako irekitako aholkularitza bulegoak. Horren harira, eta Maiatzaren Lehenaren bueltan antolatutako ekintzen barruan, solasaldia eskaini zuten Kontseilu Sozialistako kideek Azkoitiko elkargunean. Bertan, autodefentsa laboralaz arduratzen diren kontseiluko kideek hizpide izan zituzten urtebeteko ibilbidean ateratako irakaspenak, irabazitako gatazkak eta aurrera begirako erronkak. Era berean, lan gatazkak konpontzeko autodefentsa sareek betetzen duten funtzioaz ere aritu ziren atzokoan, eta gaian sakontzeko mahai-ingurua antolatu dute maiatzaren 20rako. Bertan, autodefentsa laborala lantzen duten Euskal Herriko hainbat talderen esperientziak ezagutzeko tartea izango da.