Palista azkoitiarrek Zarautzen ekingo diote Gipuzkoako Herriartekoari

Andoni Elduaien 2022ko mai. 6a, 09:00

Jokin Aizpuru palista, 2019ko finalean. (GEPF)

Palista azkoitiarrek bihar goizean jokatuko dute txapelketako lehen kanporaketaren joanekoa. 10:00etan hasita jokatuko dituzte hiru partidak. Herritarrek azken bi edizioetako balentria errepikatu nahi dute.

Bihar, larunbata, hasiko dute Oteiza elkarteko palistek Gipuzkoako Herriartekoa. Iaz, 2019an bezala, Gipuzkoako txapela jantzi zuten palista azkoitiarrek, eta aurten ere helburu horregatik borroka egin nahi dute. Final zortzirenetan ekingo diote palista azkoitiarrek lehiari, eta aurkari gogorrak menderatu beharko dituzte ekainaren 19ko finalera iritsi nahi badute.

Txapelketako lehen aurkaria Zarautz izango dute azkoitiarrek, eta bihar aritu beharko dute han 10:00etan hasita. Sei partida jokatuko dituzte kanporaketa bakoitzean, hiru etxean eta beste hiru etxetik kanpo. Lehen partidan, buruz buruko partida jokatuko dute kantxa osoan, bigarren partidan binakako partida jokatuko dute, eta hirugarren norgehiagokan buruz buru arituko dira zazpi koadroren barruan.

Datorren asteburuan jokatuko dituzte itzulerako partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Final laurdenetara sailkatuz gero, Soraluze izango lukete aurkari azkoitiarrek, eta etxean hasiko lukete kanporaketa, joaneko partidak Gurean hasiz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide