Datorren larunbatean, maiatzak 7, hasiko dute Lur gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa, eta lehen jardunaldiko tiraldia jokatuko dute Azkoitian, 17:00etan hasita. 680 kiloko modalitateko lehia izango da Azkoitian jokatuko dena, eta lau talde arituko dira lehian Trenbidearen Zumardiako belardietan: Mutrikuk, Erandioko (Bizkaia) Goiherrik, eta Laukizko (Bizkaia) Gaztediren A nahiz B taldeek parte hartuko dute proban.
Azken urteetan sei taldek parte hartu izan dute lur gaineko sokatira txapelketan. Mutrikuko sokatira taldeak antolatu du txapelketa Azkoitiko Udalaren babesarekin. Mutriku da egun lur gaineko probetan parte hartzen duen Gipuzkoako sokatira talde bakarra, eta zaletasuna sortzeko nahiz gazte jendea sokatirara erakartzeko asmoz antolatzen dute urtero proba Gipuzkoako herriren batean, normalean Azkoitian.